Musika, umorearen eskutik
Ostirala eta igandea bitartean, Txalo antzerki konpainiak Demode Quartet obra aurkeztuko du Antzoki Zaharrean. Patxi Barco donostiarrak idatzi eta zuzendutako musika ikuskizuna da. Musika, ordea, umorearen eskutik igoko da eszenatokira.
Lau lagunek ikusleak harritu egingo dituzte euren izaera eta jarrera bitxiekin. Antzerkia, umorea eta musika izango da nagusi Txaloren lan honetan. Batetik, aktoreek a capella abestuko dituzte zenbait musika bertsio; eta bestetik, zuzeneko musika izango da, piano, gitarra, biola eta flamenko erritmoz beteta. Koreografia batzuk ere prestatu dituzte.
Taula gainean, Mikel de la Fuente, Joli Pascualena, Mikel Espinal eta Iker Huitzi aktoreak izango dira. Patxi Barcoren ustez, «komedia apur bat, beste jarrera lotsagabe apur bat, lan handia abestietan, eta gozatzeko irrika. Horrelakoa da gure ikuskizuna».
Ordubete eta hogei minutuko showa eskainiko dute. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira. Ostiral eta larunbateko funtzioak euskaraz izango dira, eta igandekoa, berriz, gaztelaniaz. Sarrerak 18 eta 15 eurotan daude salgai.