Koro Navarro: "Hamaika zalantza izan ohi ditut"
Nerea Lizarralde
Bi itzulpen berrirekin itzuli da Koro Navarro (Parte Zaharra, 1955) euskarazko literaturaren plazara. Donna Leon-en Death at La Fenice eta Diane Fossey-ren Gorillas In The Mist itzuli ditu. Erein argitaletxearekin plazaratu dituen bi argitalpen berriak aitzaki, itzulpengintzan egin duen ibilbideaz hitz egin du Irutxuloko Hitza-rekin. ‘Heriotza La Fenicen’. Polizia nobela da Donna Leon-ena. Idazlea amerikarra da, baina urte asko eman ditu Venezian bizitzen. Berez, literaturako irakaslea zen. Halako batean, idazten hasi zen, eta hau uste dut lehen nobela garrantzitsuenetakoa dela. Sail bat egin zuen, detektibe berarekin, Guido Brunetti-rekin. Pertsonaia hauek bazterrekoak izan ohi dira. Asko edaten dute, bakarrik ibiltzen dira, gaizki konpontzen dira familiarekin… Bada, honek dena oso ondo egiten du. Polizia nobela klasiko bat da. Hilketa bat izan da, eta hiltzailea zein den aurkitu behar dute. Detektibearen bizimodu onaren eta kanpoko gaiztakeriaren artean kontrastea sortzen da. Venezia bera ere oso pertsonaia garrantzitsua da. Opera bat ere badago… Veneziatik, Afrikara. Mendian gorilak ikertzen ibilitako Dian Fossey-ren ‘Gorilak lainopean’ istorioan murgildu zara. Gorillas In The Mist obra osoa itzulita nuen, baina orain beste ideia bat garatu dugu. Liburu haten puska txiki bat da Gorilak giltzapean. Bilduma horretan begirale gisa izan zen Iñaki Segurola idazlea eta ideia berak eman zidan, bi atal hartu eta horiekin liburu bat egitearena, hain zuzen ere. Fossey-k gorilekin egindako ikerketa lana kontatzen du. Pasarte batzuk oso politak eta hunkigarriak dira, Coco eta Pucker eta Bonne Anne-renak batez ere. Istorio horiek aparte atera zitezkeela pentsatu zuen Segurolak eta hala egin dugu. Printzipioz liburu tekniko bat da, baina ez da hain teknikoa. Itzulpen bat aurkezten duzunean gogo handiz hitz egiten duzu pertsonaien inguruan, istorioaz… Izakera kontua izango da. Gauzak azaltzeko moduagatik izango da. Hizketan oso exageratua bainaiz. Lana gustuko duzulako ere izango da. Batzutan, batzutan… (barrez). Gustura lan egiten saiatzen naiz. Adinean aurrera egin ahala, gero eta gehiago. Saiatzen naiz, baina ez dut beti lortzen.Argi daukat, gainera, lanbide honetan ez naizela aberastuko. Duela bi urte ikusi nuen zenbat irabazten dugun. Guk ez dugu soldata finkorik…Ez zara ondo konturatzen zenbat irabazten duzun. Ikusi nuen, eta jota geratu nintzen. Disgustoa pasa zitzaidan eta nahiko ondo bizi naizela pentsatu nuen. Gustuko ditudan gauzak egiten ditut, noizean behin bidaiaren bat egiten dut… Oso ondo bizi naiz, eta orduan zer? Ipuinak, eleberriak… Zer itzultzen duzu gusturago? Ipuinak errazagoak dira, motzagoak direlako. Baina bakoitza mundu bat da, eta beraz, bat bukatzen denean beste mundu batera joan behar duzu berehala. Nik Nikolas Txikirekin gozatu dut gehien; zoragarria da liburua, zoragarria da Nikolas Txiki pertsonaia… Itzultzeko politena izan da. Dena zeukan liburu horrek. Liburu bat, unibertso bat. Idazlearen estiloa dela, istoria bera, pertsonaiak… Enkargu bakoitza erronka berri bat izango dela pentsatzen dut. Liburu bakoitzak bere konplikazioak ditu, bai. Eromen hutsa da, baina ohituta nago. Egun batean Veneziako Operan zaude hiltzaile kontuekin, ingelera klasikoa itzultzen; hurrengo egunean gorilekin; eta gero Nikolas Txikirekin, frantsesez. Azkenean, enkargatzen didatena egiten dut. ‘Orain hau’, bale; eta’ orain bestea’, bada hori ere bai. Ni saiatzen naiz gustatzen zaizkidan gauzak egiten, ahal den neurrian. Ez dut beti lortzen, baina… Bestalde, itzulpengintzaren bidez ezagutzen ez nituen, eta inoiz ezagutuko ez nituen gauzak ezagutu ditut. Alde horretatik oso aberasgarria da. Liburu batzuk oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Mundu bat erakutsi didatelako, edota beste mundu batera eramaten nautelako. Enkargu batzuk ez dirudi interesgarriak izango direnik. Gogo handirik gabe esaten duzu baietz,egingo dituzula. Baina gero ikusten duzu egiaz gauza garrantzitsuak direla. Euskararekin arazorik izan al duzu? Etengabe. Hamaika zalantza izan ohi ditut. Hasi, ‘hau h-rekin da’; Euskaltzaindiak erabaki du ez dakit nola dela; edota hau hizki nagusiz edo txikiz jarri behar dela… Hortik hasi, eta nahi duzuneraino; era guztitako zalantzak. Erdi eginean edo erdi deseginean ari den hizkuntza batekin ari gara, eta horrela da. Ikasi eta desikasi egin dut, argi eta garbi. Gainera, ez dakit zer gertatzen den. Niri gero eta gehiago kostatzen zait. Ez dakit zahartzaroaren kontua den, edota zorrotzagoa naizen orain nire buruarekin. Baina nik buelta gehiago eman behar dizkiet itzulpenei, eta ematen dizkiet. Nik ikusten dut orain hobeto itzultzen dudala. Eboluzio bat izan dela nabaritzen da. Erantzukizun handia sentitzen al duzu? Azkenean, idazle baten lana plazaratzen ari zara. Bada ez, badakidalako oso jende gutxik irakurtzen dituela (barrez). Eta irakurtzen duten horiek, zerbait gaizki egin badut, barkatuko didate… (barrez). Itzulpengintzan hasi aurretik… Irakaskuntzan ibili nintzen, baina ez zitzaidan batere gustatzen… Hor bai sumatzen nuen erantzukizuna. 86an edota 87an hasi nintzen itzulpengintzan lanean. Patricia Highsmith-en ipuin batzuk izan ziren nire lehen itzulpena, poliki. Soluzio bat ametsetan bururatu zitzaidan, eskuz egin nuen, lepoko minez… Oso gaizki. Lehen ikaratu egiten nintzen, orain ez.