Musika Elkarteen lehen topaketa antolatu du Buenawistak
Zortzi urte darama Buenawista Elkarteak Egia kultur etxeko entsegu gelak kudeatzen. Hogeita hamar bat taldek entseatzen dute bertan, erabilgarri dauden zortzi geletan. Biltegi bat ere badute, musika tresnak gordetzeko. Entsegu gelak kudeatzeaz gain, Donostiako musika taldeak sustatzen ere ibili da Buenawista Prolleckziom’s.
Datorren astean, abenduaren 17an, ostirala, eta 18an, larunbata, Musikagela Weekend izeneko jardunaldiak antolatuko dituzte Egia Kultur etxean. Hainbat musika elkarteen topagune bihurtuko da Egia, eta jakina, entsegu geletan entseatzen duten taldeek Gazteszenan zuzenean joko dute.
Jardunaldiotan egungo musikaren egoera jorratuko dute. Teknologia berriak, internet, egile eskubideak… Eugenio Rubiok, Buenawista Prolleckziom’s elkarteko kideak, haiekin batera Helldorado, Audiolab, Medina Sonora, Men of Rock eta Mogambo elkarteak ere izango direla aurreratu du: «Ostiralean bakoitzak bere egoera, proiektuak eta ideak plazaratuko ditugu. Larunbatean, berriz. musika eta teknologia berrien inguruan hitz egingo dugu: «Musikarien ezinbesteko tresna da internet. Hari esker mundu zabalera iristeko aukera dute, beste inoren laguntzarik gabe. Guztion eskura dago, gainera, eta guztiok dugu gure lana zabaltzeko indarra. Copyright eskubideak kolokan jarri ditu honek, eta Creative Commons lizentziak sortu dira». Jorge Campanilla abokatu donostiarra lizentzia horien inguruan hitz egingo du, hain zuzen ere. Madrileko David Garcia Aristegik, Comunes irrati saioko aurkezleak berriz, streaminga izango du hizpide: «Disko bat entzun nahi dutenek artxibo bat jaisten dute. Streaming-aren bidez, berriz, momentuan entzun daiteke». Sarean zabaltzen diren diskoetxe digitalen inguruan, Netlabel-ak, ere hitz egingo dute. Kontzertuak 21:00etatik aurrera hasiko dira. Ostiralean, The Rock Sifredi Band eta Ilegales taldeek joko dute. Larunbatean, berriz, Ydilia, Melmac eta Polaroid izango dira zuzenean.
Denis Itxasok Zaragozan, El Tunel, Sorkuntza Berrien Gunean ikusitakoa azaldu du jardunaldien aurkezpenean: «Bertako udalak sortu duen egitasmoa da. Tunel zahar bat berriztatu dute, eta bertan entsegurako eta grabaziorako estudioak sortu dituzte. Apunteak hartu ditugu, Donostia musika harrobi garrantzitsua baita. Talde asko kanpoan geratzen dira Egian. Ea Intxaurrondoko kultur etxe berrian zerbitzua zabaltzeko aukera dugun. Lau gela gehiago egitea espero dugu. Badagoelako grina eta eskaera. Formula ona da gelak edukitzea, musika taldeek entseatu dezaten egoera eta baldintza egokietan».
musikagela weekend Abenduak 17, ostirala. Jardunaldietan parte hartuko duten elkarteen aurkezpena, 18:30etik 20:00etara. / Kontzertua: The Rock Sifredi Band eta Ilegales, 21:00etan (sarrera 10 euro).
Abenduak 18, larunbata. Creative Commons eta Copyleft lizentzien azalpenak, 10:00etatik 11:30era. / Creative Commons eta negozio edota zabalkunde eredu berriak: P2P sareetatik streaming-era, 11:30etik 13:00etara. / Disko etxeak sarean: Netlabel, 17:30etik 19:00etara. / Kontzertua: Ydilia, Melmac eta Polaroid, 21:00etan (sarrera doan).