Amaitzear den urte berezi izan da Gizakia Helbururentzat, 25 urte bete baititu. Beste horrenbeste daramatza Juan Zubia droga menpekotasuna dutenekin lanean.
1985ean Izan Fundazioak Gizakia Helburu abian jarri zuenetik, bertan dihardu Juan Zubiak (Antigua, 1957). Ordutik hona erakundea drogekin eta erabiltzaileekin batera aldatzen joan da. Bilakaera horren inguruan mintzatu da antiguatarra Irutxuloko Hitzarekin.
Sorreratik zaude Gizakia Helburun. Nola iritsi zinen erakundera?
Aurretik Drogak Eragindakoen Elkartean eta Askagintzaren sorreran parte hartu nuen. Gizakia Helbururen sortzaile Iñigo Aldabalde Askagintzan zebilen eta niri eta beste kolaboratzaile bati Erromara joan eta Proyecto Uomon prestatzea proposatu zigun. 27 urte daramatzat droga menpekotasunaren arloan jarduten. Hemen jubilatzea espero dut.
Zein da zure lana?
Hernaniko harrera eta balorazio zentroan lan egiten dut, erabiltzaile berriei harrera egiten. Horrez gain, langileen formakuntzaz eta praktiketako ikasleez arduratzen naiz.
Zer eman dizu lan honek?
Gauza asko. Ezezaguna zitzaidan alor batean profesionalki garatzeko aukera eman dit; lankide eta pertsona askorekin lan egiteko abagunea, ilusioak, tristurak… denetarik. Baina bereziki kaleko errealitatearekiko lotura eman dit. Lan hau egunerokotasunean askotan ihes egiten digun munduari leihoa da. Orain urte batzuk idatzi nuen artikulu batean nioen, 1985an droga Bidebieta eta Parte Zaharrera mugatutako errealitate bazen, hori desagertzen ari zela. Ikusten ez bazen ere, hor zegoela nioen. Ondoan izan arren, ikusten ez duzun zure errutinatik kanpoko errealitatea da; normalean etxean gelditu eta kalean ikusten ez dena.
Zergatik sortu zen Gizakia Helburu?
1980an heroina masiboki sartu zen Euskal Herrian. 70 hamarkadaren amaieran pentsaezina zen, orduan talde oso txiki bati loturik baitzegoen: pertsona aberats, hippie eta bizi filosofia berezia zutenak. Lauzpabost urteko epean, ordea, hirian eta Gipuzkoan sartu zen, eta inork ez zuen oso argi zer gertatzen ari zen, zer zen, zein ondorio zituen…
Ategorrietako Ulia Enean jarri zenuten egoitza. Auzotarrekin arazorik izan al duzue?
Gure beldurretako bat zen hasieran, bereziki, eskola bat dugulako ondoan; baina auzotarrekin ez dugu inoiz arazorik izan. San Inazio ikastetxea bera izan da gure aliatua, gelak utziz. Gizakia Helburu izenak bi gauzekin du lotura: batetik, jendea lasaitzen duen seriotasuna eta zorroztasuna; eta bestetik, beldurtzen duena: yonkiak, delinkuentzia… Irudi sozialak gehiago lagundu eta ez digu inoiz arazorik eragin.
Zer eskaintzen duzue?
Droga motarengatik baino, bizipen eta adinaren araberakoak bost ibilbide ditugu. Batzuek epea dute, beste batzuek ez. Sorreran ez zegoen alkoholaren tratamendurako prestatutako bat sortu dugu. Eraiki, drogen arazoaz gain patologiaren bat garatu dutenentzat. Programa irekia, kokaina modu ludikoan hartu duten lagunentzat, baina familia kargak dituztenez, gaueko programa da. 18 eta 25 urte ingurukoentzat beste bat; eta azkenik, kontsumo historia luzea duten eta errehabilitatzea lortu ez duten 45-50 urteko heroinomanoentzako programa. Hau garrantzitsuenetakoa da. Tratamenduetan porrot asko izandakoak dira, gurea barne, eta programa egokitu egin da maila guztietan estaldura handiagoa ematen duen prozesu luzeagoa eskainiz, bazterkeriaren mugan dauden pertsonak baitira.
Ibilbidea amaitzean zuen babesa al dute?
Ez. Gure berrikuntzetako bat izan zen bizi programak ez izatea; hasiera eta amaiera zutenak, baizik. Beraien egoerari aurre egiteko prestatzen ditugu,droga edo asistentzia gabe aurre egiteko gai izan daitezen. Birgizarteratzen eta lanera itzultzean laguntzen diegu, baina programek amaiera data dute. Hortik aurrera bizitza autonomoa izateko gai izan behar dute.
Zein da urteotako balantzea?
Urte asko izan dira. Denetarik izan da ilusioak, arrakastak, porrotak, abian jarri diren eta jarraitu ez duten proiektuak… lan bizitza osoa izan da. Martxan jarri genuenean beldur asko genuen, beste toki batzuetan funtzionatzen zuela ikusitako hona egokitzeko gai ginen ikusi behar genuen. Begi asko genituen begira, jendeak itxaropen handia zuen, ilusio, pasio eta zalantza asko zegoen. Gero arrakasta garaia iritsi zen eta zentroak bete ziren. Orain normalizazioa eta sorrerakoak ez diren proiektu berrien sendotzea bizi dugu.
Etorkizunari begira, zer?
Gipuzkoako beste errekurtso bat gara, garaiari egokitu eta helburu nahiz egiturak moldatzen joan beharko dugula badakigu. Drogak 25 urtetan asko aldatu dira, baina aldatzen jarraitzen dute eta erronka berriei aurre egin behar diegu.
Erakundea sortu zenetik, zer nolako bilakaera izan dute drogek?
Dena aldatu da. Sustantziak, drogaren ikuskera… Erabiltzaileen profila ere aldatu da, ez horrenbeste adina.
Nola aldatu da ikuskera?
80ko hamarkadan plaga bat zen eta politikariek eta elkarteek babestu egin behar zituzten gazteak pandemia horretatik. Garai horretan jende gehiena drogaren aurkakoa zen, elkartea bera sortu zenean, Drogaren Aurkako Kaltetuak zen. Egun, ordea, gehienok oinarritzat dugu droga ez dela desagertuko, hor izango dela beti. Legalizazioa planteatzen da, baina pentsatuz beti eskura egongo direla eta lehen baino errazago.
Droga hartzeko arrazoiak ere bestelakoak dira, egun…
80ko hamarkadan droga hartzeak izaera ideologikoa zuen, kontrakulturala zen. Kulturaren, hezkuntza ereduaren eta gizartearen aurkako jarrera zen. Frankismotik eta gurasoetatik jasotakoak ziren baloreei aurre egiten zien. Egun ez dute izaera hori, kalean dagoen eta eros daitekeen sustantzia da, jertsea edo kotxea erosten den bezala. Eskubide indibidualera jotzen da, norberak nahi duena egin dezake besteei eragiten ez badie. Hezkuntza aldatu da, gazteek gehiago ezagutzen dituzte drogak eta efektuak. Jendea tratatzen hasi ginenean, ordea, ez zekiten abstinentzia sindromea zer zen… inoiz bizi ez zutelako ezta GIBa ezagutzen ere.
Informazio gehiago izan arren, ez al zaie drogei beldurra galdu?
Sustantzia gehienak gaizki ikusiak ez direla esango nuke. Bazterkerian dauden pertsonak badaude ere, egun, drogaren mundua orokorrean ez da marjinala.Gure munduan bizi dira, eta izaera ludikoarekin, droga kontsumoa gehitzen diote; bi kontzepturi lotuta: ongizatea luzatzea eta oinazea mozten laguntzea. Orain ez da nahikoa ostiralean ondo pasatzearekin, larunbatean eta igandean ere egin behar da eta horrek lotura du mugekin.
Informazioa ez bada nahikoa, nola heldu gaiari?
Drogei beldurra galdu zaie eta kultura nahiz gizartean kontraesan handiak ditugu: tabakoari gero eta muga gehiago jartzen zaizkio; baina, era berean, alkohola gero eta gazteago kontsumitu daiteke. Droga hartzeak ondorioak ditu osasunean, garapenean eta harremanetan. Baloreak ikasi eta heltzeko oso garrantzitsua den nerabezaroa porroen eraginpean pasatu duten gaztetxoak daude. Ondo pasa, ligatu… dena porroen eraginpean egin dutenez, beraien garapen psikosozialean hutsune garrantzitsua dute. Honen aurrena, ideia bakarra debekua da, baina baloreak berreskuratzea eta mugak jartzea ezinbestekoa da.
Nola egin daiteke hori?
Hondatzea berreskuratzeko prozesu edo terapia bat behar da, bizi ez duten hori bizitzea. Berrikasi egin behar dute, drogek kendu dizkieten harremanen hainbat alderdi berreskuratu behar dituzte eta hori ez da hezkuntzarekin lortzen, berriro saiatu eta bizi beharko dute eginez.