Hainbat alkatek bat egin dute Aieten, elkarbizitza gatazken inguruan jarduteko
Xabier Etxabe
Gizarte gatazkei aurre egiteko lanean ari diren alkateen bilkura ari da egunotan Aieteko jauregiko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean ospatzen. Denera, hamairu bat hiri eta herrialderen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute Aietera hurbildutako hamairu udal ordezkarik gaur arte.
Atzo, hala nola, Gloria Cuartas Apartado-ko alkate ohiak Kolonbiako esperientziaren berri eman zuen. Alien Kentauik Mendebaldeko Saharako egoera ulertzen lagundu zuen eta Zeljko Sabo Vukovarreko alkateak, Kroazian jazotako gerraren ostean, giza eskubideak eta elkarbizitza nagusitzeko itxaropenik galdu ez dutela azaldu zuen. Topaketa antolatzeko egindako lana eskertze aldera, Zeljko Sabok gurutze sakratua oparitu zion Odon Elorza alkateari.
Topaketa “aberasgarria” izaten ari dela onartu dute alkateek euren herrietako arazoei aurre egiteko tresna berriekin itzuliko direlako etxera. Odon Elorzak nabarmendu duenez, “hiri bakarrean txoko desberdinetako herritarrak egon arren, denok pertsonak garenez, denei aitortu behar zaizkie eskubide eta betebehar berberak”.
Helburu horiek lortzeko, udalak funtsezko erakunde direla azpimarratu dute udal ordezkariek, haiek direlako herritarren eta erakundeen arteko lotura nagusia.
Dena delako gatazkaren aurrean, gainera, umorea herritarrak batzeko tresna “oso baliagarria” dela aipatu du John Mathews Ipar Irlandako ordezkariak. Elkarrekin barre egiteak herritarren arteko harremanak estutzen laguntzen duela uste du.