Hamar urte artearekin
Hamar urtez 3.047 egun izan da zabalik Kubo aretoa. Milioitik gora bisitari izan dira bertan antolatu dituzten berrogeita bi erakusketetan. 1.300.326 bisitari, zehatz mehatz. Batezbeste, 427 pertsona sartu dira bertan, egunean.
1.300.326 bisitarirekin ospatu du Kutxaren Kubo aretoak urtemuga. 2001ean Balentziagari eskainitako erakusketak izan ditu ikusle gehien
Hamar urtez 3.047 egun izan da zabalik Kubo aretoa. Milioitik gora bisitari izan dira bertan antolatu dituzten berrogeita bi erakusketetan. 1.300.326 bisitari, zehatz mehatz. Batezbeste, 427 pertsona sartu dira bertan, egunean.
Hamarkada honetan zein erakusketek erakarri dute ikusle gehien? Kristobal Balentziagari eskainitakoa dago lehen postuan. Ia ehun mila pertsona pasa ziren Getariako jostunaren jantziak ikustera. Bigarren postuan, argaki bilduma bat dago, Lurra zerutik ikusia. Hain zuzen ere, munduan zehar, airetik egindako irudiak bildu zituzten erakusketa hartan. Eta hirugarrena, joan den udan Miro artistaren inguruan prestatutakoa.
Marivi Arcayak, aretoko arduradunak, kandelei pozik putz egiteko arrazoiak dituztela adierazi du. Oraindik gainera hainbat ekitaldi geratzen dira Kubo aretoko egitarauan, urtemuga ospatzeko. Larunbatean, 11:00etan, Txotxongilo Bihar taldeak ‘Karolino, printzesa eta dragoiaren burua’ obra antzeztuko du, Topic jaialdiarekin elkarlanean. Igandean, Aita Donostiaren musika ekarriko dute Almudena Ortega sopranoak eta Josu Okiñena pianistak Kubo aretora, 11:30ean.
Paristik Jai Alaira Aurten lau erakusketa egin dituzte. Lehena, Paris eta artearen abangoardien ingurukoa izan zen. Ondoren Intanglibles in terra australis, iritsi zen.Australiako artisten lanak ardatz izan zituen hark. Udan Miroren ibilbidean zehar bidaia egiteko aukera izan zuten bisitariek. Aurtengo erakusketarik ikusiena izan da, ia 60.000 ikusle erakarri baitzituen. Azkenak Jose Maria Unsain Untzi Museoko zuzendarikideak pilotari buruz bildutako hainbat artelan jaso ditu. Hurrengo urtarrilaren 9a arte izango da ikusgai.
Hamar urteko ibilbidearen errepasoa egiteaz gain, hurrengo urtean ikusgai izango diren proiektuen nondik norakoak ere aurreratu dituzte. San Sebastian inguruan zabalduko dute lehena. Hain zuzen ere hiriko patroia izango da protagonista. Hainbat artista garaikidek haren figura eta ikonografiaren inguruan egindako obrak bilduko dituzte. Apirilaren bigarren hamabostaldian, berriz, Kutxak azken hiru urteotan eskuratutako arte ondarea erakutsiko dute. XIX. mende bukaeratik artista garaikidetaraino. Udan, «hirira etorri ohi diren hainbat herrialdetako bisitariak kontuan hartuta erakusketarik nazioartekoena» inauguratuko dute, Marc Chagalli eskainitakoa. Pompidou museotik ekarritako lanak izango dira ikusgai, besteak beste. 2011ko azken erakusketa, berriz, diseinu grafikoa eta publizitateari begira jarriko da. Javier Mariscalen irudiek Kubo areto osoa hartuko dute.