Intxaurrondon topa daitezke euskarazko kartel eta errotulu gehien
Xabier Etxabe
Euskal Herriko Unibertsitateko arduradunek bukatu dute hiriko hizkuntz paisaiaren argazkia egiten. Egia, Altza, Loiola eta Intxaurrondo izan dira lau urte hauetako jardunean aztertutako azken auzoak eta Donostiako kaleetan ikusgai dauden errotulu, kartel, iragarki eta bestelakoetan zein hizkuntza nagusitzen den ondorioztatu dute. Emaitzek elebitasuna errotuta dagoela diote. Gaztelerak eta euskarak errotuluetan duen pisua, ordea, ezin esan parekoa denik.
Ikerketako arduradunetako batek, Jokin Aiestaranek, ondorioztatu duenez, “euskara makulu gisa erabiltzen da gehienetan, ez du informazio gehigarririk eskaintzen”. Bezero nahiz herritarrarrentzat baliagarria den informazioan, beraz, gaztelera da nagusi. Hala, oso arraroa da euskara hutsez idatzitako errotuluak ikustea. Gehienetan euskara beste hizkuntzekin batera doala diote, bakarrik oso gutxitan.
Bankuetan, euskara gehien
Bezeroen arreta bereganatze aldera, banketxe guztietan euskara erabiltzen dela zehaztu du Aiestaranek. Azkenekoz aztertutako auzoetan, esaterako, Altzako, Loiolako eta Intxaurrondoko banketxe guztietan ageri da euskara eta %90an, Egiakoetan. Botiketan, berriz, ia dena gazteleraz dagoela dio ikertzaileak; beti ala ia beti, hala ere, euskarazko testuren bat ezartzen dutela jakinarazi du. Dendetan, berriz, euskararen presentzia handiagoa da: Loiolan, %73,7koa; Intxaurrondon, %70,4koa; Altzan, %57,5ekoa eta Egian, %57,4koa.
Azterketa, dena den, ez da karteletan euskara ageri den ala ez ikustera mugatzen. Euskara zein lekutan dagoen, erabilitako zeinu motak eta beste hainbat alderdi landu baitituzte.
Era honetan, alderdi horiek guztiak aintzat hartuta, etxe atarietako profesionalen errotuluetan gaztelera gailentzen dela azalu dute. Altza (%13) eta Intxaurrondo dira (%21,4) aurten aztertutako lau auzoetako muturrak. Oro har, Parte Zaharrean dago euskarazko plaka gehien (%30,8), eta Antiguan gutxien (%8,8).
Erdialdean, gutxien
Amarako eta Erdialdeko atarietan nagusi diren gaztelerazko plakak dira, hain justu, euskararen paisaia ahultzen dutenak.
Era horretan, lau urteotan hiriko kale nagusietan aztertutako 2.525 idazkin edo analisi unitateen artetik, Intxaurrondon ikus daiteke euskara gehien (%67,4). Koska bat beherago daude Parte Zaharra (%58,8), Loiola (%55,9), Antigua (%53,9), Altza (%53,2) eta Egia. Euskararen presentziari dagokionez, Erdialdea (%52,9) legoke zerrendan azkena.
Zergatik ote da Intxaurrondo errotulu gehien euskaraz duen auzoa? Jokin Aiestaranek esandakoaren arabera, Intxaurrondo auzo gaztea da eta belaunaldi berriek barneratuta dute elebitasuna. Intxaurrondon, gainera, etxe atarietan ikus daitezkeen profesionalen plaka askorik ez dagoela gaineratu du. Plaka gehiago baleude, portzentai honek behar bada behera egingo lukeela adierazi du.