Memoriaren Lorategiko lehen gereziondoak landatu dituzte
Xabier Etxabe
Memoriaren Lorategia egitasmoaren ideia 2005ean abiatu zen. “Orduan, ezinezko zirudiena egia bihurtzen” ari dela aitortu du Odon Elorzak. Izan ere, Loiolako Erriberako elizaren alboan errealitate dira parkea eraikitzeko lanak. Lehenengo fasean abian dela irudikatzeko, lehen harria jartzeko ekitaldia egin zuten atzo. Ekitaldiak, baina, berezitasun txiki bat izan zuen, Aieteko jauregian egindako topaketan parte hartutako alkateak arduratu baitziren parkeko lehen gereziondoak landatzeaz. Kroaziako, Kolonbiako eta beste herrialde batzuetako alkateak zuhaitzak landatzen aritzea “bakearen nazioarteko parkearen sinbolo” dela uste du Elorzak.
Gereziondo eta lore zuria duten beste landare askok argituko dute 2,2 hektareako parkea. “Gerra eta era guztietako terrorismo biktimak gogora ekartzeko parkea” izango dela erantsi du hiriko alkateak. “Hausnarketarako eta oroimenerako leku paregabea”, dio.
Amaratarren konposta
Udaberri bukaerarako parkearen lehen fasea txukun utzi aurretik, lurra indartzeko konposta botako dute. Ez da edonolako konposta izango, hondakin organikoak bereizten ari diren Amarako bizilagunek sortutakoa baizik. Otsaila aldera, amaratarrekin batera, tona batzuk botatzeko ekitaldia egingo dutela iragarri du alkateak.
Hilabete batzuren buruan, halaber, Adifekin trenbideak estaltzeko hitzarmena sinatzeko asmoa dutela esan du Odon Elorzak. Lehen fasea trenbide mugara helduko da. Behin hitzarmena sinatuta, estaltzeari ekin eta parkea zabaltzeko aukera izango dutela azaldu du. Parkea bere osotasunean inauguratu ahal izateko, txukundu beharreko azken herena izango da eremu hau.
Egunotan Bakearen eta Giza Eskubideen etxean elkartu diren alkateen topaketaren balantzea egin du Odon Elorzak, era berean. Aberasgarria eta ondorio interesgarriak atera dituztela plazaratu du. Topaketan parte hartu duten hiriek datorren urtean berriz elkartzea aurreikusi dute, hiriotan elkarbizitza hobetzeko ematen ari diren pausoen berri izateko. Bilkurara Europatik etorritako hainbat alkate hurbildu badira ere, Kolonbiako eta Mendebaldeko Saharako ordezkarien parte hartzea txalotu du alkateak.
Elorzak, era berean, ETAk armak uzteko adierazpena “berandu baino lehen” egitea gustatuko litzaiokeela esan du. “Balore demokratikoak berreskuratu eta, gorrotoa albo batera utzita, herritarren arteko bizikidetza suspertu” behar dela adierazi du.