Olentzero Kursaalen izango da
Bergaran eta Arrasaten izan da, eta hurrengo abenduaren 30ean, Donostian izango da, Kursaal Auditorioan. Olentzero badator, pop rock musikal batekin, gainera. Bergarako Musika Eskola, Aritzeta Abesbatza eta Orfeoia, eta Eibarko Biraka dantza taldea bildu ditu Oihan Vegak ikuskizun honetan, Olentzero & Co.
Abenduaren 30ean Oihan Vegak zuzendutako pop rock musikala ekarriko dute auditoriora
Bergaran eta Arrasaten izan da, eta hurrengo abenduaren 30ean, Donostian izango da, Kursaal Auditorioan. Olentzero badator, pop rock musikal batekin, gainera. Bergarako Musika Eskola, Aritzeta Abesbatza eta Orfeoia, eta Eibarko Biraka dantza taldea bildu ditu Oihan Vegak ikuskizun honetan, Olentzero & Co. Gabonetan aurkeztuko duten lana seigarrena da jada. ‘Miserableak’ edo ‘Oliver Twist’ ere antzeztu izan dituzte. Ehun eta berrogeita hamar pertsona izango dira taula gainean, ikuskizun erraldoi honetan. Aktoreak, abeslariak, abesbatzak, dantzariak, txotxongiloak, akrobatak…
Oier Arevalillo, 9 urteko Bergarako gaztea izango da Peru protagonistaren larruan. Peru triste bizi da bere gurasoak istripu batean hil zirenetik, horregatik, Olentzerori zoriontasuna eskatuko dio opari gisa. Bere amaorde maltzurrak. ordea, bere eskutitza apurtu egingo du. Peruk ez du etsiko. Olentzeroren bila joango da. Bidean, lamiak, iratxoak, Mari Domingi eta Anbotoko Mari bera izango ditu lagun.
Zuzendariak, Oihan Vegak, formatu handiko euskarazko lehen musikal originala dela adierazi du: «orain arte, Broadway moduko ikuskizun hauek itzulpen edo bertsioetatik abiatu izan dira». Sarrera jada eskuetan duten haur eta gurasoek izango dute Kursaalera joateko aukera, Donostiako emanaldirako sarrerak jada agortu egin baitira.