Ricardo Unzueta eta Iñaki Arana Urkiren Loiolako egoitzan (Argazkia: Estitxu Zabala)
Zuzendaritza guztietan beharrezkoak izaten dira aldaketak eta Ur-Kirolaki ere iritsi zaio bere garaia. Iñaki Aranak hartu zuen klubeko presidente postua 2003an, Ricardo Unzuetaren lekua hartuz. Zazpi urte geroago, Unzueta bera itzuli da Aranaren hutsunea betetzera.
Irutxuloko Hitza biekin elkartu da Urkik Loiolan duen egoitzan eta euren bizipenen berri jaso du. Presidente postua hartu aurretik, biak ere gaztetan arraunean aritu ziren eta oso ongi ezagutzen dute klubaren egoera.
Orokorrean arraunaren egoerari dagokionean, Unzuetak bere ikuspegia argi dauka. Beretzako arazo handiena diru falta da. Askotan traineru kontuan diru asko dagoela esaten da bere ustez, baina berak ezetz dio. Beheko mailetatik gazte gutxi ateratzen ari direnez, arraunlariak alde batetik bestera bueltaka dabiltzala dio sendo Unzuetak. Hitz batean, krisian murgilduta ikusten du arrauna. Hala ere, etxera begira, nahiko pozik dago, lanean ari direla eta beheko mailetan nahiko jende mugitzen ari direla dio, beheko lana beharrezkotzat jotzen baitu gora egiteko. Izan ere, 40 arraunlari inguru mugitzen ditu Urkik gaur egun eta, Aranaren ustez, beharrezkoa da halako kopuruetan mugitzea zerbait lortzeko. Hala ere, argi dauka horrek ez duela etorkizuna bermatzen. Zortea eta jendea mantentzea beharrezkoak dira Aranarentzat.
Donostiarra trainerua hizpide
Edonola ere, argi dago Urkiko gazteek, Fortunakoen eta Arraun Lagunakekoen moduan, aurrera jarraitzekotan, traineruan arraun egitea dutela helburu. Donostiako traineru bateratua osatu zela urte batzuk igaro dira, baina Aranak eta Unzuetak Donostiarraren etorkizun hurbila ez dute oso oparoa ikusten. Goian egoteko fitxaketak egitea beharrezkotzat jotzen dute, baina gauzak dauden moduan badakite zaila dela. Aurten ere zaila ikusten dute Donostiarra TKE Ligara igotzea, hainbat klubek fitxaketa handiak egin dituztela baitiote: Santurtzi, Portugalete… Aranak, esaterako, futbolarekin egin du konparaketa, Reala eredutzat hartuta. Bere ustez, Realak egin duena bezalako zerbait egin beharko lukete, harrobia eta fitxaketak nahastuz.
IÑAKI ARANA→ Urkiko presidente ohia
“Gora beherak izan ditugu, baina gustura eta pozik geratu naiz”
Iñaki Aranak (Gros, 1952) zazpi urte bete ditu Urkiko presidente postuan, 2003an hasita. Dagoeneko presidente izateari utzi nahi zion, denbora asko kentzen baitzion, baina nola edo ahala klubari laguntzen jarraitzeko asmoa du. Bi legegintzaldi bete ditu: lehenengoa, lau urtekoa; eta bigarrena, hiru urtekoa. Izan ere, estatutuak aldatu zituzten eta legegintzaldiak hiru urtekoak izatea erabaki zuten. Lehenago arraunlari eta entrenatzaile lanetan ere aritu zen, klubean bertan.
Nola oroitzen duzu postua hartu zenuen garaia?
Askotan galdetzen diot nire buruari nolatan animatu nintzen… [barreak] Momentu hartan klubaren alde zerbait egin beharra zegoela iruditu zitzaidan eta ilusio handiarekin sartu nintzen, gauza asko egiteko asmoarekin. Beste sei lagun nituen inguruan eta egoera hobetu nahi genuen; gauza batzuk lortu dira eta beste batzuk ez dira nahi bezala atera. Gora beherak izan ditugu, baina gustura eta pozik geratu naiz. Denborarekin ikusiko da, baina gure lanaren irakurketa baikorra egiten dut.
Zein izan dira zure zuzendaritzaren lorpenik handienak?
Klubaren barruan bertan hainbat aldaketa nabarmen egon dira. Gure zuzendaritzak aldatu zuen lehenengo gauza emakumeak bazkide bezala onartzea izan zen. Bestetik, aurretik ere bazegoen beteranoen saila indartu dugu. Emakumeen saila bultzatzea, berriz, ez dugu lortu, aurten ere bi neska bakarrik hasi dira. Iaz trainerua atera genuen lehenengo pausoa emateko, baina ez dugu jarraipenik izatea lortu. Ricardorekin hitz egiten nabil datozen urteei begira, eskolekin hitzarmenak egiteko, gazteak hurbildu daitezen.
Zer geratu zaizue egiteko?
Batetik, azken urteetan beheko mailatan hobeto ibiliko ginela uste genuen eta ez ditugu esperotako emaitzak lortu. Bestetik, Donostiarra trainerua hortxe dago, urteak pasatzen ari dira eta zalantzak ditut. Gorago egon beharko litzateke eta behingoz jauzia emateko zain nago. Lehenengo urteak emaitza aldetik ez dira espero bezain onak izan eta nire akatsen barruan sartzen dut.
Klubari lotuta jarraitzeko asmoa duzu?
Nire asmoa behintzat klubari laguntzen jarraitzea da, baina garbi daukat beste gauza bat ere; zuzendaritzatik kanpo egongo naizela.
RICARDO UNZUETA→ Urkiko presidentea
“Nire mundua hemen dago, arrauna ikusi gabe ezin naiz bizi”
Ricardo Unzueta (Gros, 1947) ilusioz itzuli da Urkira. Itzuli, bai, arraunlari izan ostean, 14 urtez klubeko presidente izan baitzen, 2003an Aranari lekukoa eman zion arte. Bere «mundua» bertan dagoelako itzuli da postura eta bere lana ongi betetzea eta gazteei bidea egitea ditu helburu nagusitzat.
Nolatan erabaki duzu berriro ere presidente izatea?
Nire mundua hemen dago, arrauna ikusi gabe ezin naiz bizi. Orain denbora daukat eta horrek kluba bultzatzeko gogoa eman dit. Beti izan dut hemen egoteko eta lan egiteko gogoa. Askok erotuta nagoela esaten didate. Momentuz, hiru urtez egongo naiz eta gero ikusiko dugu.
Nola oroitzen dituzu presidente izan zinen garaiak?
Orain ez naiz beste 14 urtez egongo, hori argi daukat. Nire asmoa gazteak sartzea da, gu ez baikaude urte askorako.
Lehen izandako zuzendaritza kide berdinak dituzu inguruan?
Bi dira lehenagokoak, baina horiek elkarteko kontuak eramaten dituzte. Zazpik osatzen dugu taldea eta gehienak gazteak dira, arraunlariak izandakoak edo jarraitzen dutenak.
Zazpi urte pasa dira presidente izateari utzi zenionetik. Nola dago kluba orain?
Momentu txarrean utzi genuen eta orain hobeto dago. Beraz, lanean jarraitu beharra dago. Orain gainera gauzak errazagoak dira, trainerurik ez izateak lasaitasuna ematen baitu. Beti izan gara aulki mugikorreko kluba. Kategoria guztietan dugu ontziren bat eta momentuz nahikoa dugula uste dut.
Dagoeneko lanean hasi zarete? Baduzue helbururik?
Bai, lenean hasiak gara eta gauza batzuk aldatzeko nahia dugu. Gure asmoa aulki mugikorra indartzea da, maila igotzea. Horretarako lana egin beharra dago. Pozik nago hiru urte eta gero zortziko seniorra berriro uretaratzea lortu dugulako. Hori niretzako oso pozgarria da.
Zein izango da ontzi horren helburua?
Euskadiko Txapelketara joatea da gure asmoa. Ongi aritzea lortzen badute, bai ontzi seniorra bai jubenila ere Londreseko txapelketera joatea nahi dugu.