Mari Domingi Antiguan egongo da gaur eta 23an
Maitane Aldanondo
Mari Domingi Dokan izango da gaur, 17:30ean, oraindik gutuna idatzi ez duten haur berantiarrei harrera egiteko. Ekitaldi berezi honetan Mari Domingik ipuin bat kontatuko die bertaratzen diren haurrei. Bestalde, urtero legez, hilaren 23an, Mari Domingi eta Olentzero gurdi gainean ibiliko dira Antiguan barrena. Haurrek gertutik ikusi ahal izango dituzte eta Bagera, Txirain eta Auskalo Aisialdi taldeko kideek ongi etorria egingo diete.
Aitor ikastolara bisita egin du
Olentzerok opariak ekartzeko egun gutxi falta direla ez dakien haur gutxi izango da hirian, baldin bada. Horren berri eman eta gutuna hutsik gabe idazten dutela ziurtatzeko, ikazkinaren laguntzaile prestu Mari Domingi hainbat ikastetxetara hurbilduko da egunotan. Egiako Aitor Ikastolako haurrek atzo goizean izan zuten bera ezagutzeko aukera.
Adinaren arabera zoruan esertzen joan ziren ikasleak. “Ni hemen, ni hemen” oihu egiten zuen batek toki egokia aurkitu zuela esanez. Batzuek, aldiz, lurra baino, nahiago izan zuten mahai gainean jartzea. Batetik edo bestetik, urduri itxaron zuten postariaren etorrera. Aurrean zuten Aitor-Enea egurrezko etxolan abenduaren 15ari zegokion leihoa ireki etaMari Domingiren ipuina erakutsi zien irakasleak. Berak irakurri baino, ordea, hobe ikazkinaren laguntzaileak beraren ahotik entzutea. Sartzeko esan eta postariak atea zeharkatzean haurren zoramena piztu zen. Lehen uneko poza lasaituta, mikrofonoa eskuetan zuela, zahar eta zatar izanda ere Olentzerok aukeratu egin zuela kontatu zien liluraturik begiratzen zioten txikiei. “Guapisima” oihu eginez kontra egin zioten zenbait ikaslek.
Amaitzean haurren zalantzak argitu zituen Mari Domingik. Esaterako, non dago Olentzeroren baserria. Zapi zuridun emakumeak azaldu zienez beste edozein baserri bezalakoa da, baina, bertan jostailuak egiten dituztenez, haurrek ezin dute hara joan. Galderekin amaitzean, zintzo izan direla baieztatu eta abestiekin eskertu zioten bisitaldia, Horra Mari Domingi indartsu eta ozenaz gain, Olentzero begi gorri ere kantatuz.
Bederatzi egun barru jasoko dutenaren aurrekari xumea emateko, Mari Domingik gozokiz beteriko otarra hartzean aztoratu egin ziren haurrak. Irakasleek, ordea, laster aurkitu zuten irtenbidea, eta ilaran jarrita, banan banan, jaso zuten haurrek eta irakasleren batek karamelua.