(Argazkia: Estitxu Zabala)
Txakurkrosa Oarsoaldean taldeko kidea da Eneko Agirre (Parte Zaharra, 1983), Gipuzkoako talde bakarra.
Konan eta
Buck txakurren jabea da eta biekin entrenatzen duen arren, lehenengoarekin parte hartzen du lasterketetan. Normalean zazpi eta bederatzi kilometro inguru izaten dituzte krosek, baina, hori bai, beti mendian izaten dira.
Nola azalduko zenuke txakurkrosa zer den?
Erraza da. Askok praktikatzen dute horretan ari direla jakin gabe. Jende asko dago txakurrarekin korrika egiten duena, kaletik zoazela ikus ditzakezu. Txakurkrosak kirolera eraman du hori, hobetuta. Txakurrak arnes bat eramaten du, hobeto tira egiteko. Gero, soka bat darama, erdian amortiguazioarekin, minik ez hartzeko eta jabearen gerrira lotuta doa. Horrela menditik korrika egiten da eta txakurrak beti aurretik joan behar du.
Aurretik ezagutzen zenuen kirol hau? Nola hasi zinen?
Txikitatik ibili izan naiz txakurrarekin menditik. Txakurrarekin bizikletan ikusi nuen lehena nire aita izan zen eta nik ere probatu egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Gero, txakurra hartu nuen duela bi urte, lagun batek emanda eta, iaz, Errenterian txakurkrosa egin behar zutela jakin nuenean, egitera joan nintzen, nire anaiarekin.
Txakurrek arraza zehatz batekoak izan behar dute?
Ez, edozein txakurrekin parte har daiteke. Badaude arraza hobeak, baina berdin du zeinekin atera. Ni alaskano deitzen dioten txakur batekin ibiltzen naiz, ehiza-txakurraren eta husky-aren arteko nahasketa da.
Konan izena du.
Asko kostatu zitzaizun taldea aurkitzea?
Nire kasua pixka bat berezia da. Errenteriako lasterketan 25 gipuzkoarrek parte hartu genuen eta ni orduan arraunean nenbilen Trintxerpen. Klubeko elastikoarekin atera nintzen eta Juan Mari Lujanbio patroia konturatu egin zen. Gero erraz aurkitu ninduen, klubera txakurrarekin joaten nintzen bakarra bainintzen. Lujanbio mugitzen hasi zen eta berak jarri ninduen harremanetan Txakurkrosa Oarsoaldean taldearekin. Baina bestela ere oso erraza da taldearekin harremanetan jartzea, Interneten webgunea badute.
Behin federatuta, azaroan Zarrakaztelun jokatutako Nafarroako Mushing Txapelketa izan zen zure lehenengo lehia. Bigarren postuan geratu zinen. Espero zenuen halakorik?
Jende gehiago espero nuen. Baina arazoa dago txakur krosekin, lasterketetan parte hartzeko ez baita beharrezkoa federatua egotea, herri lasterketen modukoak dira. Nafarrokoetan, berriz, beharrezkoa da federatua egotea eta horretarako talde bateko kide izan behar zara, eta hori lortzea ez da hain erraza. Nik ez nuen arazorik izan, hemen taldea dagoelako, baina zure inguruan ez badago mugimendurik zaila da. Beno eta Zarrakaztelura bost bakarrik joan ginen eta gainontzekoak ni baino askoz hobeak zirenez, ‘Zer egiten dut nik hemen!’ pentsatu nuen. Beraien atzetik joatea erabaki nuen. Irteerako argazki bat dago eta oso argi ikusten da ni beraien atzean nagoela. Nire txakurra sekulako konfiantzarekin atera zen eta nik berari jarraitu besterik ez nuen egin. Ez nuen halakorik espero eta oso gustura geratu nintzen.
Lasterketa gehiagotan ere parte hartu duzu dagoeneko.
Sorian Espainiako Txapelketako proba batean parte hartu nuen eta oso esperientzia polita izan zen. Hainbat modalitateetako partaideak ginen, patinete, trineo, bizikleta eta trizikloa. Txakur pila bat elkartzen dira eta sekulako eromena izaten da. Bezperan joan ziren guztiak eta elkarrekin egon ziren, lagun bezala, ez dago ia lehiarik. Ni bakarrik joan nintzen kotxez, erremolkea jarrita eta ez nintzen inongo momentutan bakarrik sentitu. Giro polita sortzen da. 45 partaide inguru ginen eta maila handikoak zeuden tartean.
Nola antolatzen da denboraldia?
Espainiako Liga dago eta aurten lehenengo aldiz Espainiako Kopa ere egin dute. Arrakastatzat jo dute Koparena, federazioak antolatzen duenez, ofiziala baita. Liga, berriz, klubek antolatzen dute. Bestela, Europako txapelketak ere egoten dira, bakarkako bezala. Liga zortzi lasterketek osatzen dute, urrian hasi zen eta hilabetean bat jokatzen da. Ahal dudanetara joaten naiz; Galiziara, esaterako, ezin dut joan. Errenteriakoa da Gipuzkoako bakarra eta martxoan izango da.
Nola moldatzen zara entrenatzeko?
Konan Zizurkilgo baserri batean daukat eta ahal dudanean joaten naiz, normalean hastean hirutan. Hala ere, bakarrik entrenatzea zaila da, txakurra erraz despitatzen baita.
Buck eramaten dut laguntzaile bezala eta horrek asko laguntzen dit beraien artean lehia sortzeko. Bestela, igande eta jai egunetan klubekoak elkarrekin entrenatzeko geratzen dira.
Txakurrarekin lotura izatea garrantzitsua izango da, ezta?
Bai, bai! Nire txakurra nire kirola da. Txakurra ongi joateak asko laguntzen du, baina poliki badoa zuk ere poliki joan behar duzu. Azkenean, txakurrak asko ematen dizu, baina asko kentzea ere badauka. Lasterketan ezin diozu txakurrari bultza, beti joan behar du zure aurretik. Txakurra pixa egiten edo ura edaten geratzen bada, ez dago ezer egiterik.
Ingurukoek zer esaten dizute?
Ez dute asko ulertzen eta koadrilakoek ongi ari ote naizen zalantzan jarraitzen dute. Baina beste batzuk probatu nahiko luketela esaten didate.
Zertara iritsi nahi duzu?
Momentuko asmoa ikastea eta Ligako lehen hamarren artean sailkatzea da. Hortik aurrera, auskalo, ea nora hurbil naitekeen. Oraindik urteak daude korrika ibiltzeko.