Ur-Zaleak pasaia eta Egia kalearen arteko pasabidea konpontzea nahi dute Egiako bizilagunek
Mikel Goñi
Ur-Zaleak pasaia eta Egia kalearen artean dagoen pasabidearen inguruak oso itxura txarra du. Pasabidean bertan zorua altxaturik dago hainbat tokitan, eta motorrak aparkatzen dituzte. Ur-Zaleak pasaian, berriz auto pilaketak oinez pasatzea zail egiten du eta urbanizazio lanen beharra begibistakoa da.
Hori guztia dela eta, inguruko bizilagunak eta Ur-Zaleak elkarteko kideak hori guztia konpontzeko eskatzen ari zaizkio Udalari. Bilerak, eskaerak eta abar izan dira azkeneko urteetan. Baina, beraien eskaera aintzat ez dutela hartzen sentitzen dutenez, sinadurak biltzeari ekin diote. Izenpetu nahi duenak elkartearen egoitzan, edota inguruetako etxebizitzen administratzaileen etxeetan egin ahal izango du. Beraien asmoa ez da milaka sinadura biltzea, baizik eta arazoak eragiten dituen pertsonenak jasotzea.
Hiru arazo, hiru egoera
Bizilagunek diotenez, Udalak hirutan banatzen du arazoa. Batetik, Ur-Zaleak pasaiari dagokiona. Horretarako ba omen dago onartutako proiektu bat. Izena ez ematea nahiago izan duen bizilagunak, ordea, zera nabarmendu du: «Proiektua duela hiru urte onartu zutela diote, baina diru partidarik al da? Hori zehazten duen papera ikusi nahi dugu».
Egia kalearen inguru horretan, hau da, 17. eta 19. atarien parean, espaloiaren materiala aldatzeko eskatzen ari dira. Egun dagoen zoladura, goraxeago eta beheraxeago dagoenaren ezberdina izateaz gain, euria egiten duenean oso labaingarria delako. Eskaera horri ere baiezkoa erantzun die Udalak; baina, berriro ere, epeak luzatzen ari direla salatu dute bizilagunek.
Korapilotsuagoa da bi gune horien arteko pasabidearen auzia. Hain zuen ere, jabetza bizilagunena izanik, Udalak horren gaineko kontrola eskuratu zuen pasabide publikoa zelako. Bizilagunek hori onartzen badute ere, Udalaren arduragabekeria salatu dute. Egunkari honek ikusitako dokumentuen arabera, Udalari dagokio pasabide horretako mantenu lana. «Zinegotziak esan digunez, gure pasabide hau beste proiektuarekin batera sartzea ahaztu egin zaie», azaldu du eraginduetako batek.
Hiru arazo eta hiru egoera ezberdin. Hala eta guztiz ere bizilagunek denak biltzen dituzte Udalak auzoan duen «interes txikian». Gauzak horrela, azkeneko sinadurak bildu eta berriro itzuliko dira udaletxera. «Erantzun bat jasotzeko, urte amaiera jarri dugu epetzat».