Argizaiolaren diseinu berriak ikus daitezke Eskulangintza Azokan
Opari bat egiteko garaian, jasoko duenak gustukoa izateaz gain, ahalik eta originalena izatea bilatu ohi da maiz. Helburu hori betetzen lagungarri izan daiteke aurtengo Eskulangintza Azoka. «Gure produktua bakarra da. Gure piezak bakarrak dira; eskuz egiten ditugulako, hain zuzen ere», mintzo da Alejandra Testone Lur Artisau Kolektiboko kidea.
Eskulangintza Azokaren 37. aldia da aurtengoa, eta oraingo kokapenean egiten den 10.a da. Hain zuzen ere, Testonek nabarmendu duenez, «Udalak, hemen utzi digu tokia. Egia esan, ez da toki txarra, donostiarrentzat oso toki ona da eta guk bertako jendea dugu bezero».
Azokak 17an ireki zituen ateak eta urtarrilaren 5a arte mantenduko ditu modu horretan. Hala eta guztiz ere, abenduaren 25ean zein datorren urtearen lehen egunean ezin izango da ezer erosi, jai eguna hartuko dutelako.
Irakastea, helburu
Helburu nagusia artisautza produktuak saltzea izan arren, langintza hauen berri ematea ere bilatzen dute antolatzaileek. Hori dela-eta, hiru erakustaldi antolatu dituzte. Horietan lehena gaur egingo dute 17:00etan, egurrezko jostailuak nola osatzen dituen erakutsiko baitu Ana Azpiazuk.
Gaur zortzi, hau da hilaren 29an, Igor Unanuek musika tresnak nola egin erakutsiko die, batez ere, haurrei, ordu berean.
Urtarrilaren 4an izango da azken erakustaldia. Egun horretan, Mireia Segurolak ehundegia erabiltzen erakutsiko die gerturatzen direnei.
Den-denak artisauak izanik ere, azokan postuak dituztenen artean ezberdintasunak daude. Jendeak beiraz egindako bitxiak saltzen duten postuan galdera askorik egiten ez duen bitartean, Larraulgo Karlos Irazuk etengabe erantzuten ditu informazio eskaerak. «Hemengo ohiturekin zerikusia duten egurrezko estatua txikiak egiten ditut. Horrek beti pizten du jendearen interesa, eta askorentzat ezezagunak diren baserri munduko gauzak kontatzen dizkiet». Hori da, besteak beste, azoka honen berezitasuna-
Originaltasuna eta ohitura zaharrak biltzen dira, beraz, Eskulangintza Azokan eros daitezkeen oparietan. Eta interesa izanez gero, baita ikasteko aukera ere.