Konstituzio plaza Santo Tomas egunean
Maitane Aldanondo
Txistorra, taloa eta txerria. Hiru hitz horiek osatzen dute San Tomas egunaren trinitatea. Gaur, ordea, inork nahi ez duen beste elementu batek garrantzia hartu du jaiaren lehen partean: euriak. Goizean zehar botatako zaparradak festarako gogoak ez ditu busti, baina zaildu egin du dena. Halako egunez kalean aurrera egitea oztopo lehiaketa bada, egoerak okerrera egiten du aterki artean ibili behar bada. Eskerrak jaia astegunarekin tokatzeak beste urtetako jendetzak ekidin dituen, ilarak eta pilaketak murriztuz. Hala ere, horrelakoak izan dira, berokia gainean zutela edo gabe, askok erabaki dute baserritar jantzi eta kalera irtetea. Soineko eta aterkiek kolorez bete dituzte Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleak.
Autobusak lepo beteta ibili dira azokaren lehen orduetatik eta Pasaiatik Donostiarako bidea egiten duenak, esaterako, lagun asko utzi behar izan ditu geltokian. Jaiaren lehen orduetan aterpe bila ibili da jende gehiena. Kalera ematen duten aldetik baino, postu askotan karrerapekotik egin dituzte salmentak. Pilaketak han izan dira nagusi. Konstituzio plazaren sarrera ikusita barrura egiterik izango ez zela zirudien, baina lehen oztopo hori gainditzean, ezohiko itxura zuen. Gauza bera, Gipuzkoa plazan. Lasai ibil zitekeen batetik bestera, aterkien kolpeengatik ez balitz.
Lanpetuta, baina lasai
Su ondoan eta busti gabe eguna eman dutenak postua jartzeko aukera izan duten ikastetxe eta elkarteetako kideak izan dira. Horien artean, Gipuzkoa plazan egon diren Deustuko Unibertsitateko Turismo ikasleak. Saltokia apaintzeko leku exotikoen argazkiekin batera, Txistorra barruan eta ibili munduan zioen txerriaren irudia zuten. Haren hitzak jarraitu dituztenei pintxo nahiz ogitartekoak prestatzen lanpetuta ibili dira gazteak. «Lehen orduak lasaiak izan dira, eguraldiak ez baitzuen gehiegi laguntzen. Baina bat-batean lan gehiago izaten hasi gara. Ez dakit orduagatik edo ateri delako izan den», aipatu du Sandra Atristrainek. Ahaleginaren emaitza Punta Canara bidaia egiteko erabiliko dute.
Txerrikirik izan ez duen saltokietako bat Animalien Eskubideen Aldeko Elkarteak Konstituzio plazan jarritakoa da. Sojazko saltxitxa nahiz hanburgesak eta seitana jateko izan dute. Itxura aparteko ogitartekoak jan zituztenak asko ziren bertako arduradunen hitzetan. «Animatzen hasi da jendea». Salmentaren dirua animalien aurkako tratu txarren kontra eta beharra duten bi katu eta zakur baten albaitaritza gastuak ordaintzera bideratuko dute.
Abere erakusketaren toki aldaketak haurrekin zebiltzan gurasoak despistatu egin zituen. Parte Zaharrean murgiltzen ziren haren bila, baina Okendo plazan egon dira ikusgai. Estreinaldirako abereez gain, txorimalo lehiaketako lekuko izan da almirantearena. Txikienek liluratuta eta harrituta begiratu dituzte animaliak. Erakargarrienak ostrukak eta emuak izan baziren, llamek –tu egiteko duten ohitura dela-eta– uxatu zituzten gehien. Hala ere, beste abere bat izan da jaiko izarra: Filomena zerria. Kristina Saralegiren hitzak egia zirela ederki erakutsi du urdeak, euritik babesten zuen karpa azpian etzanda eman baitu egunaren gehiena. Mugitu gabe modelo onenek baino hobe jasan du flash zaparrada. Txerriaren nagikeriak ohiko galdera errepikarazi du; «bizirik al dago? ez da mugitzen!». Atentzioz begiratu eta arnasa egiten zutela ikusteak lasaitu ditu gehienak.
Grosen ere, jai
Jaiaren ardatz nagusietatik kanpo Grosen ere festa aukera aparta izan dute. Auzotik irten gabe Santo Tomas jaia ospatzeko osagai denak bildu dituzte Txofren: erromeriak, azoka, talogileak, txistorra… Berezko txerririk ez dute izan, baina txikienek Gorritiren animaliekin primeran pasatu dute.