"150 herritarrek parte hartzea arrakasta izango litzateke guretzako"
Uliako Gimnastica Elkarteak Erregetako Krosa antolatu du urtarrilaren 6rako (11:45). Elkarteko kideek gaur egin dute probaren aurkezpena, babesleen laguntzarekin eta berrikuntzaz josita dagoela jakinarazi dute: herritarrei zabaldua, ibilbide berria…
Antolatzaileek abendu hasieran aditzera eman zuten lehen aldiz korrikalari amateurrek ere krosean parte hartzeko aukera izango zutela, korrikalari federatuekin batera. Hala, lasterketarako izen ematea zabaldu zuten kirolprobak.com webgunean eta momentuz 80 herritar baino gehiagok eman dute izena. Hala ere, 100 partaideetara iristea espero dute. “150 herritarrek parte hartzea arrakasta izango litzateke guretzako”, adierazi du aurkezpenean Agustin Atanosoffek, elkarteko presidenteak. Bestetik, beheko kategorietako ibilbideetan partaide gutxi izaten zituztenez, aurten, hiru kategoria bakarrik egongo dira:
- Alebinak eta Haur Maila. 1.985 metro (10:15).
- Kadeteak eta Jubenilak. 4.800 metro (10:45).
- Junior, Senior eta Beteranoak. 9.600 metro (11:45).