Meltxor eta Gaspar gameluan, eta Baltasar elefante gainean
Xabier Etxabe
Ekialde Hurbileko basamortuen jarraipen bihurtuko da Kontxa, bihar, bertatik helduko direlako aurten, eguraldia lagun, Errege Magoak Donostiara. Iazkoarekin gustura geratu zirenez, aurten ere gamelu gainean Kontxa zeharkatzea erabaki dute udaletxera heldu aurretik. Magiaz beteriko ibilbide honek, ordea, berritasun txiki bezain handia izango du 2011ko honetan, Baltasarrek elefantea aukeratu baitu Donostiako etxeak opariz betetzeko garraiobide.
12:30ean hasiko den hondartzako ibilbidea, gainera, ez da iazkoa bezain ikusgarria izango, mareek ez dutelako nahi beste leku utziko. Errege Magoek Kontxako lehen arrapalan egiten ari diren lanak aurrez-aurre topa ez ditzaten, Erlojuak diren arrapalatik bideratuko dute ibilbidea.
Kontxako baranda haurrez bete dadin, euriak badiatik urrun beharko du, etengabeko zaparrada baten aurrean Ekialdetik udaletxera iristeko zuzeneko bidaia egingo luketelako Errege Magoek.
Ordu eta erdi gehiago
Eguraldiak kale eginda ere, Erregeek ez dute txikienekin egoteko aukera galduko. Bihar, honenbestez, 13:45etatik aurrera, Udalbatza aretoan egongo dira neska-mutilak agurtzeko. Denis Itxaso Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, aurten, ordu eta erdi gehiagoz egongo dira Errege Magoak haurrekin, 17:00ak arte geratuko direlako udaletxean.
Pilatzen den haur kopuru handia dela-eta, Errege Magoek eskutitz guztiak jasotzeko zailtasunak izaten dituzte. Hala, 17:00-17:30 bitartean, erregeen laguntzaileek umeen eskutitz guztiak bilduko dituzte. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek ziurtatu dutenez, urte osoan ari dira lanean eskutitz hauek sekula gal ez daitezen.
Zazpi karroza
Atseden hartzeko astirik ere ez dute Errege Magoek izango; behin eskutitzak jasota, Erdialdeko kaleetan barrena ibiliko direlako gamelu eta elefante gainean. Haiekin batera, 700 bat lagunek hartuko dute parte 18:00etan hasiko den kabalgatan. Zazpi karrozatan banatuta, erromatarrak, morroi hebrearrak, egiptiarrak eta Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleak ibiliko dira. Musika piezarik berezienak prestatzeko Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleek lan handia egin dutela azpimarratu du Itxasok.
Giro apartaz gozatzearekin batera, sakela goxokiz betetzeko aukera dute ume eta helduek, kabalgatan zehar. Kultura zinegotziak ohartarazi duenez, «goxokiok ez dira diabetikoentzat aproposak». Era berean, gorabeherarik egon ez dadin, etxeetatik begira daudenek bestelako goxokirik ez botatzeko eskatu du.
Erdialdera edo udaletxera hurbiltzerik ez duten ume eta aiton-amonentzat ere tartea egingo dute Errege Magoek. Hala, kabalgata amaitu ostean, 19:15etatik aurrera, erietxeetan dauden haurren eta Matia eta Quavitae zahar etxeetako helduen ilusioari erantzungo diote.