Zauriturik ez zela izan azpimarratu dute izotz jauregiko festako arduradunek
Xabier Etxabe
Urte zahar gaua Anoetako izotz jauregian igaro zuten gazte askok ez zuten goiza izozturik igarotzea espero. Goizaldeko 7:00etan, urtezahar eguneko kotilioiak bereak egin zuenean, baina, iskanbila eta urduritasuna izan zen nagusi izotz jauregiko ateetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzesioan utzita duen eraikina da eta zer gertatu den argitzeko txostena eskatu du. Abenduaren 31n festa gogoz ziren gazteek ere galdutako objektuak berreskuratzeko eta kalte-ordaina eskatzeko arduradunengana jo dute.
Paola Fernandezek, esaterako, eskuko telefonoa galdu zuen, eta urtarrilaren 1ean, 17:00etatik aurrera banatu zituzten erreklamazio orrietako bat bete zuen. Berreskuratuko duen ala ez jakiteko dagoen bitartean, «urtezahar eguneko festan, sartzeko, jantzitegian arropa uzteko nahiz barran edaria eskatzeko, edozertarako, ilaran itxaron behar» zela kontatu du. Miren ere goizaldeko 1:30ean iritsi zen izotz jauregira, eta 3:00ak arte ez zuen sartzerik izan.
Txartel arruntak 65 euro balio zituen eta sei edari hartzeko aukera zegoen. Barran itxaron beharrekoagatik seiak hartzeko aukerarik izan ez zuela esan du Mirenek. Hori gutxi balitz, izotz pista babesteko jarri zuten xafla bustitzen hasi zela eta jendea erortzen hasi zela erantsi dute bai Mirenek baita Paolak ere.
Jantzitegia, arazo iturri
Gau osoan zehar arazorik eta nabarmentzeko iskanbilarik ez zela izan jakinarazi du kotilioia antolatu zuen Smart Events taldeko arduradunak, Asier Ruizek.
Jantzitegian sortu zen arazo nagusia. Asier Ruizek dioenez, «goizaldeko 7:00ak aldera jendea jantzitegira hurbiltzen joan zen eta jende ugari pilatu zen bertan. Askok, ordea, ez zuten arropa eskuratzeko beharrezkoa zen eskumuturrekoa eta barruan geratu ziren zain. Kotilioian parte hartu zuten 2.700 lagunetik 800 bat geratzen zirenean, bi lagun bultzaka hasi ziren eta liskar honek jende olde txikia eragin zuen».
Nahasmen honen aurrean, zenbait gaztek Ertzaintzari deitu zioten eta izotz jauregitik ateratzeko agindua eman zuen. «Askok berokia hartzeko astirik izan ez zutenez, hotzak akabatzen geratu ziren kalean», adierazi du Ruizek.
Egoera honen ondorioz, gazte asko larritu bai, baina zauriturik ez zela izan azpimarratu du Gabon zahar festako antolatzaileak. «Ez da ezbehar larririk izan». Azken berriek ziotenez, sendagileek 18 urteko gazte bat artatu behar izan zuten ezbehar honen ondorioz; Ruizek, ordea, «intoxikazioa» izan zela eta jantzitegiko arazoarekin zer ikusirik ez duela baieztatu du.
Aseguru bat kontratatuta dutenez, kalteei aurre egingo dietela zehaztu du Ruizek. «Aseguruak bermatzen ez duena guk hartuko dugu gure gain», adierazi du. Atzo eguerdian, 35 bat erreklamazio jaso zituztela baieztatu du Asier Ruizek.
Aldaketak, hurrengo jaian
Asier Ruizek, era berean, datorren urtean kotilioia antolatuko duten zalantzarik ez du. Horretarako, baina, aurtengo arazoak konponduko dituztela esan du. Festan parte hartuko dutenen kopurua murriztuko dutela erantsi du. «2.200 lagunekin askoz hobeto» egongo liratekeela uste du. Hortaz, 500 sarrera gutxiago eskainiko dituzte.
Jantzitegiari dagokionez, asmoa eraikinaren kanpoaldean kokatu eta kiroldegietan bezala armairuak jartzea aztertzen ari dira.
Edariak eskatzerakoan ere neurriak hartuko dituztela adierazi du Ruizek, barren kokapena egokia ez zela izan onartu baitu. Erdialdean leku handiagoa utzi beharko zela zehaztu du antolatzaileak.
Komunak ere nahikoak izan ez zirela azaldu du. Honenbestez, datorren urtean mutilentzako komunak kanpoan jar daitezkeela eta barrukoak emakumeentzat utz daitezkeela gaineratu du Asier Ruizek.