Casimiro Bengoetxea: "Urtean 180 egun inguru ematen ditut jardueretan"
Casimiro Bengoetxearen (Antigua, 1941) zaletasun handiena mendia da, haurra zenetik. Mendian ibiltzeaz gain, Gipuzkoako eta euskal federazioetan lan egin du urte mordoan eta, egun, Vasco de Camping elkarteko zuzendari teknikoa da. Klubean egindako lanagatik, zuzendari onenaren saria eman berri dio Aldundiak. Mendiarekin izan duen eta duen harremanaz hitz egin du Irutxuloko Hitzarekin.
Ezustean harrapatu zintuen sariak?
Hautagaitza klubekoek bultzatu zutela pentsatzen dut. Oso ongi gorde zuten sekretua eta ez zidaten deus ere esan. Beraz, Aldundiko kirol arduradunak deitu zidanean jakin nuen. Niri tokatu zait eta kitto. Harritu bai, baina iaz ere klubeko beste kide batek jaso zuen saria, Alberto Caceresek. Sari ematea polita izan zen. Hala ere, faltan bota nuen ez zituztela sarituak aurkeztu.
Familiatik datorkizu mendizaletasuna?
Ez. Aitarekin inoiz joan nintzen mendira, baina oso gutxitan. Hori bai, nire emaztea mendian ezagutu nuen eta semeak ere mendizaleak dira. Gaztea nintzela parrokiek mendi taldeak zituzten eta Los Luises del Antiguo taldearekin hasi nintzen. Gerora, ordea, txiki geratu zitzaidan, geroz eta ekintza gutxiago antolatzen baitzituzten eta orduan, Vasco de Campingera igaro nintzen.
Zein izan da zure kirol ibilbidea?
Haurra nintzela, 11 urterekin, Antiguako mendizaleekin mendira joaten hasi nintzen. Gero, 17 urte nituenean Pirinioetara joateko autobusa antolatu zuten Antiguotik eta han joan nintzen. Hortik gutxira, 18 urterekin, Gipuzkoako Mendizale Federazioan sartu nintzen, enkarguetako mutil bezala. Aurrerago, Gipuzkoako Mendi Federazioko presidentea izan nintzen. Euskal federazioko presidenteorde ere izan nintzen, 12 urte inguruan. Behin federazioa uztean, Vasco de Camping elkartean murgildu nintzen eta urte asko daramatzat klubari lotuta. Momentu honetan klubeko zuzendari teknikoa naiz eta txangoak antolatzearen ardura daukat.
Euskal Mendizale Federazioa krisian erori zen, 1967an.
Sekulako krisia izan zen. Andeetara egindako lehen euskal espedizioaren kontura iritsi zen. Espedizio horretan ateratako argazkiekin proiekzio pribatu bat eman genuen. Argazkietako batean, ikurrina bat ageri zen eta garai hartan debekatua zegoen. Baten batek Guardia Zibilean salatu gintuen eta Espainiako Federazioak gertatutakoaren berri izan zuen, Falangekoak zirenak. Orduan, espedizioko gehienak kartzelara joan ziren, baina nik libratzea lortu nuen. Gure aurkako mugimendua sortu zen eta federazioa desegin zen. Urte asko pasa ziren berriro euskal federazioa osatu zen arte.
Garaiko egunkarietan ere idatzi zenuen.
Nire ustez mendiari buruz idaztea dagoen gauzarik zailenetakoa da. Futbolaz edo saskibaloiaz idazten duenak partidan gertatutakoa kontatu behar du eta astean zehar prentsaurrekoak daude. Mendiaz idazten duenak, ordea, ingurugiroaz eta koloreez idatzi behar du eta hori zailagoa da. La Unidad egunkarian, esaterako, astean behin idazten nuen, 18 urte nituela. Gero, La Unidad desagertzean La Voz de España egunkarian kolaboratzen hasi nintzen. Orduko egunkaririk irakurriena zen hura. Bi egunkarietan oso ongi portatu ziren nirekin. Gero, Euskal Federazioaren Pirenayca aldizkariko zuzendaria ere izan nintzen, zazpi bat urtez.
Mendizale ospetsuak Donostiara ekartzea lortu zenuen.
Onenak ekartzea lortu genuen. Anglada eta Gillamon eskalatzaile kataluniarrak izan ziren lehenak, Rebuffat, Terray, Hiebeler… asko eta asko. Kursaaleko zinema aretoa alokatzen genuen, Gipuzkoako handiena baitzen orduan. Bertan mendizaleek hitzaldiak ematen zituzten eta jendea borrokan ibiltzen zen sarrerak lortzeko. Donostian egon eta gero, beste hiruzpalau hitzaldi ematen zituzten inguruan.
Nolakoa izan da zure esperientzia Vasco de Camping elkartean?
Ezkondu eta gero sartu nintzen klubean, 25 urterekin edo, baina zuzendaritzan azken 10 urteak bakarrik eman ditut. Ekintzen egutegia asko loditu dugu eta ni izan nintzen Pirinioetara lehenengo ibilaldi kolektiboak eraman nituena. Klubak egin duen lorpen garrantzitsuenetako bat Pirinioetako ibilbidea egitea izan da, Hendaiatik Bellusera. Hilabetez hilabete ibilbide motzak eginez joan ginen, hiru urteren barruan. Bestetik, klubaren 60. urteurrenaren harira ere txango bereziak egin ditugu. Lana nahi duen guztiarentzat dago, 4.000 bazkide baitaude.
Ikusentzunezkoak egin eta hainbat tokitan eman dituzu.
Duela 25 urte hasi nintzen mendira kamararekin joaten. Orduan Super 8a erabiltzen nuen eta dagoeneko ordutik pelikula pila egin ditut. Irudiak eta musika nahasten ditut, baina azalpenak zuzenean ematen ditut, publikoaren arabera moldatuz. Orain gutxi deitzen didate pelikulak erakusteko, puntako mendizaleak nahi dituztelako; Juanito Oiartzabal edo Pou anaiak, kasu.
Orain zenbatero zoaz mendira?
Erretiratu talde batekin biltzen gara emaztea eta biok eta urteko asteazken guztietan mendira joaten gara. Normalean ingurutik ibiltzen gara, baina eguraldi onarekin Pirinioetara irteerak egiten ditugu. Bestela, astebururo ere mendira joaten naiz emaztearekin. Klubaren egutegiaren barneko pare bat irteera eramaten ditut beti, erraketekin edo eskiatzera. Gainera, aurten nire 69 urteak ospatzeko, Altitoy eski lasterketarako izena eman dut. Alpeetara ere irteeratxo bat egin nahi dut aurten. Entrenatzen saiatzen naiz osasuntsu egoteko, gimnasiora joanez edo. Nire bizitza etengabeko aktibitatea da eta urtean 180 egun inguru ematen ditut jardueretan.
Zer ematen dizu mendiak?
Lortutako lagunek eta sortutako taldeak asko aberastu naute. Mendiko lasaitasuna eta bakardadea izugarriak dira.
Nolakoa da donostiar mendizaletasuna?
Mendizaletasuna asko hazi da, baina mendi garaiak igo nahi dituztenak gero eta gutxiago daude.