Kalean utzitako 300 ibilgailu baino gehiago jaso zituzten iaz
Xabier Etxabe
Kaleak txukun mantentzeko, espaloiak erraztu eta urez garbitzearekin batera, bide bazterretan aspalditik utzitako ibilgailuak jasotzea da Hiri Mantenu sailaren beste eginkizunetako bat. Orain arte jasotzen zituzten ibilgailuen zenbaketarik ez zen egiten, iaz ekin baitzioten. Alberto Rodriguezek eman dituen datuen arabera, 330 izan ziren 2010ean jasotako ibilgailuak. Hilabetez kaleko apaingarri bilakatu ziren ibilgailu hauetatik 161 ziren motoak eta 169 autoak. 2010an zehar, auto eta motoaz gain, bizikleta zaharrak ere jasotzen aritu dira, zinegotziak ez du horien daturik eskaini, ordea.
Urtebetean hirurehundik ibilgailu jasotzea esanguratsua dela azpimarratu du Rodriguezek. Hauek kaletik atera eta biltegira eramango ez balira, «utzitako mila ibilgailu baino gehiagok beteko luketelako hiriko hainbat eremutan hain eskasa den aparkatzeko eremua».
Noiz erabakitzen dute Hiri Mantenuko arduradunek utzitako ibilgailu bat kaletik ateratzea? Udaltzainek utzitako ibilgailua identifikatzen dutenean, auzibidea abian jartzen dute; hala, jabeak bi hilabete izango ditu aurretik ibilgailuarekin zer egin erabakitzeko. Epe hori igaroz gero, biltegira eramango dute, txatar bilakatu aurretik.
Epe hau, hala ere, askoz ere murritzagoa izan daiteke, ibilgailuak ingurua kutsatzeko arriskua balu, hots, olioa isuriko balu edota bestelako eragozpenik sortuko balu.
144 ibilgailu, txatartegira
Iaz jasotako ibilgailuen %46ak bukatu zuen txatartegian. Alegia, 144 ibilgailu.
Prozesu hau guztia, gainera, ez da Udalarentzat doakoa. Utzitako moto bat desegiteko 6,75 euro gastatzen dituztelako; auto bat txikitzeko, berriz, 67,72 euro, eta kamioi batekin bukatzeko, 101 euro.
Auto eta moto artean, bizikletak biltzen aritzen dira ere, txirrinda zahar askok bizikletak uzteko aparkaleku ugari betetzen dituztelako. Aparkaleku hauetan edota zuhaitz eta eraikin bazterretan lagatako bizikletak jasotzeko erabakia hartzea, ordea, gainontzeko ibilgailuekin baino zailagoa dela argitu du Alberto Rodriguezek. Izan ere, bizikletek matrikularik ez dutenez, gehienetan «ia ezinezkoa» da, zinegotziaren hitzetan, jabea topatzea.