Pagotxaren bila, sarean
Maitane Aldanondo
Eguberrietako diru xahutzearen ondoren egokiak dira beherapenak eta diru gastua murrizteko beste edozein bide. Ostiralean hasiko dituzte neguko beherapenak saltokietan, baina egunero pagotxa lortzeko aukera ere bada. Zerbitzu edo produktu desberdin bat, egunero, prezio erdian. Non? Deskontu webgunean.
Txuri izotz jauregian bi lagunentzako sarrera eta material alokairuak 22 euroko kostua du. Atzo, ordea, bederatzi euro gutxiago ordainduta lor zitekeen www. deskontu.com webgunean. Azaroarekin batera abian jarri zenetik horrelako hamaika aukera izan dira. Orain bi urte Chicagon (AEB) martxan jarri zen beherapen bereziak eskaintzen zituen lehen webgunea, eta Interneten mugarik ez denez, ideia Donostiaraino iritsi da. Hiriari eta Gipuzkoari egokitze eta sustatze lanetan dabil Txomin Jauregi. Amaratarrak ondo ezagutzen du saltokien sarea, hiriko negozioak barneratzen ditu DDonosti gidaren arduraduna ere baita, beste bi lagunekin batera. Zerbitzua egokitu, gunea sortu eta Facebook nahiz Twitter bidez ezagutarazi zuten.
Gaztainak, ikastaroak…
«Lehen eguneko eskaintza Tolosako kartinekoa izan zen. Arrakasta itzela izan zuen, lehena izateko pasada. Asko mugitu zen sare sozialetan». 60 lagunek erosi zuten zerbitzu horren hondotik ile apainketa, golf ikastaroak, paintball borrokak… etorri dira. «Jende gehien bultzatzen duena jatetxeetako menuak dira. Gauza batzuek funtzionatuko ez dutela badakigu, baina gure lehen nahia erabiltzaile masa sortzea da», zehaztu du Jauregik. Gutxika asmoa lortzen ari dira, gero eta ezagunago egin eta 1.400 erabiltzaile erregistratu dituzte. Horretarako laguntza handia izan dira egindako proposamenen originaletako batzuek izandako oihartzuna. Esaterako, Artzain Onaren aurrean gaztain postua duen Jesusesek 56 lagunek probestu zuten Bi dozena gaztaina 3 eurotan erosita. Erretako fruitu lehorrekin batera, Santo Tomas egunerako pentsatutakoa ere arrakastatsua izan zen. Bi egun lehenago Zuzenbide fakultateko ikasleek Trinitate plazan jarritako posturako eskaintza borobila zintzilikatu zuten: Bi txistorra ogitarteko eta sagardo botila bost eurotan. Diru beragatik talo bakarra jan zutenei damutuko zitzaien izena ez ematea.
Gutxienez, %40 merkeago
Zergatik funtzionatzen duen argi du Jauregik: «Negozioentzat promozioa egiteko pataforma merkea da eta erabiltzaileentzat eskaintza interesgarri bat egunero», hala laburbiltzen du Jauregik Deskonturen oinarria. Funtzionamendua oso erraza da. Egunero zerbitzu edo salgai bat eskaintzen dute, gutxienez, %40 beherapenarekin. Gauerdian hasi eta gauerdiraino, nahi duen edonork erosi ahal izango du. Horretarako, erabiltzaile erregistratua sortu eta zehaztutakoa ordaindu beharko dute. Ondoren, biharamunetik hasita erabilgarri izango den kode bat jasoko dute posta helbidean.
Hobetzen joatea da hurrengo urratsa eta hainbat ideia bueltaka dituzte jada. Inork aukera gal ez dezan, deskontuen berri e-posta bidez izateko aukera luzatuko dute hemendik gutxira. Horrela inork ez du aukera galduko.