Angel Becerril: "Zerbait falta den ikusteko egunero hainbatetan etortzen naiz"
Maitane Aldanondo
Abendu erdialdean Eguberritako klasiko bilakatu den jaiotza jarri zuen Angel Becerril (Palentzia, 1941) arotzak. Auzoak urte asko daramatza eta oso ezaguna da urterik urtera jasaten dituen triskantzek ere ez dutelako makurtzen. Aurten kontrakoa bazirudien ere, ezin izan dio urte berriari kaixo esan. San Jose eta hainbat irudi desagertu egin dira, kutxa apurtu diote arrainak lapurtu… Elkarrizketa egiten ari dela bertaratzen diren auzotarrek etengabe errepikatzen diote gauza bera:«Lotsagarria da, urtero puskatzen dute». Amorru malkoei eusten lana badu ere, Becerrilek ez du amore emango.
Opariak ekartzen dituzten Errege Magoak iritsi dira, baina zure jaiotzakoek ez dute egunera zutik iristea lortu… Hala da, bai. Bi ostu egin dizkidate eta bestea apurtu, indarrez erauzi baitute. Dirua biltzeko kaxa ere lapurtu didate.
Ez dira kaltetu bakarrak… Irudiak lapurtu dituzte, estalpe gaineko apaingarria kendu… Jada hogei arrain lapurtu dizkidate, baina behin eta berriro jarri ditut, ez baitut hain erraz amore emango.
Zure jaiotza tradizio bilakatu da. Nolatan ekin zenion ohiturari? Hiru hamarkada badira lehena jarri nuenetik. Erraz esaten da, baina ez dut ikasten. Marinelen plazan jartzen nuen, putzua zenean; gero, konpontzen hasi zirenean, Madril hiribidera ekarri nuen. Aparteko arrazoirik ez dago. Arotza naiz eta auzoan nahiko ezaguna. Jaiotzak egitea gustuko dut, sufriarazten badit ere.
Antza, batzuentzat tradizio bilakatu ere hau puskatzea. Ohitu al zara? Asko mintzen nau eta kasketaldi izugarriak izaten ditut. Hau nola uzten duten ikusteak –puskatutako irudiak hatzaz erakutsiz– amorru izugarria ematen dit, baita arrain txikiak lapurtzeak ere, urte batean 30 jarri nituen.
Zergatik jarraitzen duzu aurrera? Haurrek oso ondo pasatzen dute eta arrain biziekin harritu egiten dira… Jendeak maite du eta lagun asko etortzen dira ikustera. Auzotarrak harro daude eta haserretu egiten dira puskatu dutela ikustean. Kalean topo egitean astakiloez kexatu eta zoriondu egiten naute.
Ez al dute inoiz errudunik atzeman? Bost gazte hartu zituzten behin, kaxa lapurtzeko jaiotza hankaz gora jarri zutenak.
Zure kabuz egiten duzu? Bai, nik bakarrik. Kalean jartzen dudanean norbaitek laguntzen dit muntaia egiten. Horrez gain, arrainei jaten emateko eta zerbait falta den ikusteko egunero hainbatetan etortzen naiz.
Urterik urtera aldatzen duzu? Iturriak izan ezik, goitik behera berritzen dut. Atari zabalean dagoenez, irudiak kaltetu egiten dira. Batetik bestera ibilita eta pazientziarekin, irudiak erosten ditut. Estalpea eta euskarria, aldiz, egurrarekin egiten ditut.
Egindakoen artean kutunik ba al duzu? (Negar artean) Ez, niretzat denak berdinak eta bereziak dira. Zenbat denbora behar izaten duzu jaiotza prestatzeko? Bata dela bestea dela, lau bat egun. Eta diru nahikoa ere, material asko behar baitu. Bi iturriak nahiko garestiak dira eta ez dituzte eramaten euskarrira gabilekin lotu ditudalako.
Kutxa jarri ohi duzu dirua biltzeko. Ahalegina eskertzen al dizute? Auzotarrek ematen didate dirua, baina ostu egiten didatenez… Udalaren prentsa bulegoak diruz laguntzen du eta gastuak ordaintzeko haina lortzen dut.
2011n zure jaiotza izango da… Jainkoak hala nahi badu, bai.