Asteartean jarriko dituzte salgai Kursaal Fundazioaren Musika Klasikoko abonuak eta Herri Musikako sarrerak
Urtarrilaren 11, 12 eta 13an, goizeko 11:30etatik hasita, salgai jarriko dira Musika Klasikoko abonuak, Kursaal Fundazioaren 2011ko urtarriletik ekainera doan denboraldirako. Abonuak ondoko gune hauetan erosi ahal izango dira: Telekutxan (943 00 12 00), www.kutxa.net webgunean, Kursaaleko leihatilan urtarrilaren 11 eta 12an (ordutegia: 11:30-14:00/17:00-20:00) eta egunero, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan (ordutegia: 11:30-13:00 / 17:00-20:00).
Musika Klasikoko abonuan aipagarriak dira Frantziako Orkestra, Christian Zacharias zuzendari eta pianista, Yuja Wang pianista eta Petra Lang mezzoa.
Bestalde, urtarrilaren 11tik aurrera, goizeko 11:30etatik hasita, Herri Musikako kontzertuetarako sarrerak jarriko dira salgai. Sarrera horiek ondoko gune hauetan erosi ahal izango dira: Servikutxan, Telekutxan (943 00 12 00), www.kutxa.net webgunean, Kursaaleko leihatilan urtarrilaren 11, 12, 13 eta 17an (ordutegia: 11:30-14:00/17:00-20:00) eta kontzertuaren edo ikuskariaren egun berean, egunero Kursaal Fundazioaren eta EOSren kontzertu edo ikuskari bat dagoenean (ordutegia: 17:00-20:00) eta egunero, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan (ordutegia: 11:30-13:00 / 17:00-20:00).
Mundu osoko musikek agertokia partekatuko dute euskal ikuskariekin. Gilberto Gil, Oreka Tx-en dantza eta musika ikuskizuna eta Carlos Sauraren “Flamenco hoy” dira horren froga.
2011ko denboraldia Stuttgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batekin hasiko da, bere zuzendari titularra den Sir Roger Norringtonen zuzendaritzapean, urtarrilaren 31n. Inaugurazio-kontzertu honetan oraintxe ezaguna egiten ari den Yuja Wang pianista guztiz gazteak parte hartuko du, zeina, 23 urte besterik ez duela, Luzernako jaialdiko errebelazio handia izan baita.
Otsailaren 9an Lausanneko Ganbera Orkestrak emanaldi bat eskainiko du Christian Zacharias pianistarekin batera, zeina dagoeneko klasiko bat baita Donostiako agertokietan. Pianista handi hau Musika Hamabostaldian eskaini zuen Mozart eta Beethovenen kontzertuen interpretazioagatik gogoratzen da. Oraingo honetan “25. Pianorako Kontzertua” interpretatzeko itzuliko da, Mozarten kontzertu ezagunenetako bat.
Euskal ahots aipagarriek ibilbide bat eskainiko dute 60 urteen bukaeratik 80en hasiera arte oroimen kolektiboa osatu zuten abestietan barna, Euskal Herriko Lur Maitea obran, otsailaren 12an.
Bestalde, Oreka Tx taldeak, Kukai dantza-taldearen laguntzarekin, kantua, musika eta dantza bateratzen dituen emanaldi bat proposatuko du. Otsailaren 19an egingo dute “Hostoak” ikuskizunaren munduko estreinaldia.
Munduko musiken zikloaren baitan, Madagaskarreko Ny Malagasy Orkestra egongo da (martxoaren 3an), zeinaren musikariak afrikar musikaren enbaxadorerik hoberenak baitira.
Handik astebetera, martxoaren 10ean, Imanol izango da protagonista handia. Maria Berasarte, Luis Eduardo Aute eta Mikel Ferres musikariek, besteak beste, omenaldi bat eskainiko diote euskal egile eta abeslari handiari.
Horren ondoren, Frantziako Orkestrak naturaren inguruko egitarau bat eskainiko du, udaberriaren ingurukoa zehatzago, Stravinski eta Beethovenen obrekin. Daniele Gatti da talde ospetsu honen titularra, eta hura egongo da martxoaren 13an egingo den kontzertu honen zuzendari gisa.
Denboraldi honetako beste izen handi bat Gilberto Gil da, zeinak bere obraren lan hautatuak eskainiko baititu, Bem Gil gitarrista bere semearekin eta Jaques Morelenbaum txelistarekin, martxoaren 27an.
Europa Galantek eta Fabio Biondi bere zuzendari artistikoak programa erakargarri bat eskainiko dute apirilaren 5ean, Bachen suite guztiek osatua.
Yemen Blues kontzertua maiatzaren 11n egingo da, eta Yemengo eta Afrika Mendebaldeko doinu tradizionalak nahastuko ditu, jazz, funk eta bluesaren ukituekin osaturik.
Suediako Errege Operako Balletaren eskutik dator dantza berriz ere Kursaal Fundaziora, maiatzaren 16an. Ballet hau bere maila tekniko altuagatik da famatua, eta Christian Spuck eta Mats Ek-ek sorturiko bi koreografia garaikidek osaturiko programa bat aurkeztuko du, bi musikagile erromantiko handiren musikarekin: Mendelssohn eta Brahms.
Jack DeJohnette da gaur egungo bateria hoberenetako bat, mundu osoan hala aitortua, eta The Jack DeJohnette Group bere taldearekin jardungo du maiatzaren 21ean.
Musika klasikoko denboraldia ekainaren 1ean amaituko da, Mahlerren obra nagusietako bat, “Lurraren abestia” eskainiz, Camerata Salzburg taldeak eta aleman errepertorioan espezializatua dagoen Petra Lang mezzosoprano handiak interpretaturik.
Sasoi honen urrezko amaiera “Flamenco hoy” emanaldiak ekarriko du, Carlos Saura bikainak zuzenduriko ikuskari flamenkoa, saio bikoitzean, ekainaren 24an eta 25ean.