Pozik partekatzen dituzte bere olerkiak Leize Gorria tabernako bezeroek
Leize Gorriaren eskaileran behera, lur azpiko poesiaren mundura iristen da bisitaria Poesia Mikro Irekia gauetan. Mailak jaitsi ahala giroa ekimenerako egokia dela ikus daiteke. Musika lasaia, argi apala eta mahai ondoan… mikrofonoa. Topikoaren alor bakarra gelditu da bete gabe. Hain zuzen ere, berriki indarrean sarturiko lege batek ekidin baitu kobazulo barruko airea, espero bezain kez beterikoa izatea.
Azkeneko lau urteetan, «gutxi gora behera, astero egin ditugu poesia gau hauek», azaldu du Martinek, Leize Gorriaren arduradunetako batek. Asteazkenetan egokitzen dute Zubieta kaleko taberna modu horretan. Nahi duenari ematen diote bere idatziak zein besteenak publikoaren aurrean irakurtzeko aukera. Taberna baino gehiago izatea nahi dute arduradunek, eta bere sarreran letra larriz azaltzen den «kultur iraultza» ideiaren arabera jokatzen saiatzen dira. «Leize Gorriak, gure ustez,
underground esan nahi du», azaldu du Martinek. Kultura modu
alternatiboan ulertzetik dator nahi duenarentzat mikrofonoak irekitzea.
Aste honetako saioa berezia izan da; hain zuzen ere, poesiari emandako gauak bere laugarren urteurrenera iritsi baitira. «Lau urte hauek izan direnaren laburpen txikia izan da», azaldu du Martinek saioa bukatzean.
Besteren artean, Mikel, Lander, Ane Miren edota Martin bera izan dira denen aurrean jardun dutenak. Mikrofonoaren aurrean bai, baina publikoaren maila berean, modu horretan errazagoa delako edozeinek parte hartzea.
Mikelek, esaterako, asteazkenean bertan aurkitutako poesia koaderno zaharreko poema ahaztuak irakurri ditu. Landerrek, berriz, bizilaguna zuen Laboari eskainitako idazlan batekin ireki du bere jarduna. Bien artean, ordea, txikitako oroimenak gaurkotu dituzte olerki dialogo batean.
Bohemiar onen moduan, berandu hasi, eta berandu bukatu dute, Martinek esan moduan, «Donostiako auzorik
fatxenean egiten den ekimenik iraultzaileena».
Hiru orduz, bertsoz bertso, Batzuk tristeak, alaiak besteak. Batzuk jatorrizkoak, maileguan hartuak besteak. Batzuk kaskarrak, onak besteak. Baina, den denak bihotzetik ateratakoak. Landerrek dioenez, «idatzitakoa partekatzea eta, batez ere, ondo pasatzea da helburua. Horretara etortzen naiz».
Mikrofonoa irekita dago nahi duenak bere, edota besteen, olerkiak publikoaren aurrean irakurtzeko.