Zinema eta musika eskutik, Dock Of The Bay jaialdian
Dock Of The Bay jaialdiaren laugarren ekitaldia egingo dute astebukaeran,
Berritasun gisa, Debolex-ek eta ETBek ekoiztutako Orain saioko film laburrak emango dituzte dokumental guztien aurretik. Hainbat musikari donostiarrei eskainitako lanak izango dira, gainera. Thee Brandy Hips musika taldea, Giorgio Basmatti, Teresa Iturriozen Single proiektua eta Beltza Records dendako arduraduna, besteren artean.
Guztira zazpi dokumentalek osatuko dute egitaraua. David Bowie izango da izarren artean. Ziggy Stardust taldean emandako azken kontzertua izango du ardatz ‘Ziggy Stardust and The Spiders from Mars‘ lanak. 1973ko uztailera egingo dute bidaia zaleek. ‘Duke zuria’ bere ibilbideko momenturik bikain, androgino eta enigmatikoenean ikusteko aukera izango dute, ‘Space oddity’ edota ‘Rock’n’roll suicide’ abestien erritmoan. Delorean taldea ere izango da protagonista jaialdian. 2010eko martxoan 12.000 kilometro egin zituzten AEB eta Kanadan zehar, Hogeita hamar kontzertutik gora eman zituzten. Txesma Lasak birako momenturik onenak jaso ditu ‘Simple Graces‘ ikus-entzunezkoan.
Historia eta musika uztartuko duten lanak ere izango dira. Creation Records zigiluaz hitz egingo dute Oasis, Primal Scream, Teenage Fanclub edota My Bloody Valentine taldeko kideek ‘Upside down: The Story of Creation Records‘ dokumentalean. Funk, soul eta hip hop zaleek ezingo dute galdu ‘Soul Train’ telebista saioari eskainitakoa. Musika beltzaren garapena zabaldu zuen lehen programa izan zen. Barry White, Aretha Franklin edota Bowie bera ere belauniko jarri ziren bertan parte hartzeko. ‘High on hope‘ dokumentalak, berriz, Ingalaterrako rave iraultza izango du hizpide. Acid house mugimendua eta musika teknoa izango dira nagusi, 90eko urteetara atzera egiten duen lanean.