Jai batzordeak auzoaren iragana gordetzeko antolatu duen literatur lehiaketan lanak aurkezteko epea amaitzear da; bertan gertatzea edota bertako protagonistak izatea ezinbestekoa da
San Sebastian jaiak Antiguara iritsiko dira asteburuan. Auzotarrentzat zeregin ugari prestatzeaz gain, jai batzordeak ekimen berri bat abian jarri du:
Antiguako ahotsak literatur lehiaketa. Auzoa ezagutarazi eta bere memoria berreskuratzea xede du, baita euskaraz idaztea ere. Lanak aurkezteko epea ostegunean amaituko da. Horien arteko onenak, 300 euroko saria jasoko du.
Antigua auzo zaharra da eta asko aldatu da urteen joan-etorrian. Garai bateko gertaera eta pertsonaiak adineko jendearekin batera gal ez daitezen, horiek biltzen dituzten literatur piezak jasotzea bururatu zitzaien jai batzordeko kideei, urria aldean. “Auzoak eraldaketa ikaragarria izan du, horregatik, gauzak ahaztu egiten zaizkigu. Nik badakit, esan didatelako, Antigua erditik pasatzen zen trolebusa bazegoela. Interesgarria da testuinguru hori edo horrelako daturen bat duten istorioak biltzea”, azaldu du Mikel Ormazabal batzordeko kideak. Asmo horrekin batera, euskaraz idaztea eta belaunaldi arteko harremana ere bultzatu nahi izan dute. “Euskaraz ez dakiten aitona-amonek historia ilobei kontatu eta hori euskaraz transmititzea nahi dugu”.
Auzoa, ardatz
Parte hartu nahi duen edonork aukera izan dezan, malgutasunez jokatu dute oinarriak ezartzean. “Literatur lehiaketak oso formalak dira eta oinarri oso zehaztuak izaten dituzte. Informalago izan eta norberak bere nortasuna erakusteko aukera eman nahi diegu. Denen eskura jarri eta dibertsiorako aukera izan dadila”, dio Ormazabalek. Emandako erraztasunen artean, lan mota aukeratzeko askatasuna. “Bertsoa, poesia… nahi dutena egin dezakete. Ipuina idazteko gaitasunik ez duela uste duenak ere parte har dezake, bertso bat edo hiru esalditan zerbait kontatuz”. Taldekako lanak edo bakarkakoak, errealitatea nahiz fikzioa, dena da ongietorria. Baldintza bakarra da ezinbestekoa, pertsonaiek edota kontatutakoak Antiguarekin lotura izan behar du.
Abenduaren 13an abian jarri zutenetik ostegunera arte heltzen diren lanak hiru antiguatarrek epaituko dituzte: Joxerra Gartzia eta Josu Baez idazleek eta Enkarni Genua txotxongilo maneiatzaileak. Hauek idazkien edukia eta horren berri emateko erabilitako idazkeraren egokitasuna hartuko dute kontuan. Sari banaketa, hilaren 23an egingo dute Dokan, 18:00etatik aurrera. Etorkizunean, jai batzordeak aurkeztutako lanak bildu, inprimatu, eta jendearen eskura utziko ditu, ziurrenik, Lugaritz kultur etxean.
Lehen urratsa
Antiguako ahotsak etorkizunera begira sortutako proiektua da. Aurten ez dute denbora gehiegi izan ideia garatzeko eta argazki lehiaketa beste baterako utzi behar izan dute. Denbora muga izan bada ere, harrera nahiko ona izan duela uste du Ormazabalek. Horretan lagundu du, abenduaren 18an Txalupagileen plazan egindako
flash mob dance-a. Izan ere, proiektuaren webgunean ikusgai dagoen bat-bateko kale dantza hori erabili baitzuten lehiaketa auzokideen artean ezagutarazteko. “Nahi bezainbesteko parte hartzea ez dugu lortu, baina jendeak erantzun du eta bisitari asko ditugu egunero blogean. Gainera, auzoan ez dira horrelakoak egiten eta harrera ona izan du”.