Begoña Ujiaren koloretako malkoak
«
Oso marrazki ezberdinak dira eta merezi du haiek ikustea», horrela animatu nahi ditu herritarrak Begoña Ujiak Loiola kultur etxean dagoen La noche llora estrellas erakusketa ikustera joan daitezen.
Ujia irudigile donostiarra bera da erakusketako marrazkien egilea eta antolatzailea. «Jon Urbietarekin, kultur etxeko zuzendariarekin, hitz egin nuen eta abenduaren 20tik urtarrilaren 31a arte nire marrazkiak jar nitzakeela esan zidan». Artistak pozik hartu zuen albistea. «Garaia iritsi zenean, nire laguna eta biok pozez zoratzen hasi ginen nire marrazkiak aretoaren hormetan itsasten. Ez dakit ondo gelditu diren edo ez, baina, ni gustura gelditu nintzen».
Hain zuzen, Marina bere lagunak bultzatu zuen marrazkiak egitera. Ujiak gogoratu duenez «poesiak idazten nituen baina oso txarrak ziren eta marrazkiak egiteko esan zidan». Hori duela lau bat urte izango zen. Geroxeago, ordea, marrazki horiek erakusten hasi zen. «Dendaz denda joaten hasi nintzen nire marrazkiak erakusten eta saltzen. Kamisetak ere egiten nituen marrazki horiekin, Horrela ezagutu nuen Arturo de Diego, Prudey markaren arduraduna». Hain zuzen ere, Ujiak eta serigrafian jarduten duen enpresa horrek lankidetza hitzarmena daukate une horretatik.
Errotuladorearen berezitasuna
Ujiaren marrazkiak, berak adierazi bezala, ezberdinak dira. Lehen begiratuan haur batek egindakoak eman dezakete; baina, arretaz begiratuz gero marrazkilariaren barne mundua islaturik ikus daiteke. Artistak azaldu du, «bipolar eskizoafektiboa naiz eta, nire ustez, horrek eragina dauka nire marrazteko eran».
Arturo de Diegok berezitzat jotzen du Uijak duen marrazteko era. www.vimeo.com webgunean aurki daiteken La noche llora estrellas izeneko bideoan irudigilearen historia bildu dute eta De Diegok bertan azaldu duenez, «beste artista gehienek buruan dute lanaren bukaerako itxura, Begoñak, berriz, ez. Berak momentuan esku artean duenari egiten dio kasu». Horren adibidetzat jo daiteke ere, errotuladoreekin lan egitea. Horrek esan nahi baitu egiten duenak atzera bueltarik ez duela, eta marrazkiaren nondik norakoak unean uneko marrek ezartzen dituztela.
Zorionak eta eskerrak
Pozik dago Ujia erakusketa izaten ari den harrerarekin, «ostegunetan joaten naiz begiratua egitera, eta jendeak bertan dagoen koadernoan zer idatzi duen irakurtzera».
Jendeari gustatu zaizkio Ujiaren marrazkiak eta horren froga da artistak aipatzen dituen orrien artean aurki daitezken zoriontzeko mezuak. Horiekin batera, asko dira ere eskerrak ematen dizkioten idazkiak. Hauek irakurrita Ujia hunkituta eta hitzak galduta gelditu da. Loiola kultur etxearen erakusketa aretoan aurkituko ditu bisitariak.