Loiolako frontoia eraberritzea, urte hasierako eginbeharra
Xabier Etxabe
Donostia Kirolaren erronketako bat da hiriko frontoiak txukundu eta ahalik eta etekinik handiena ateratzea. 2010ean zehar, 50.000 euro bideratu zituzten Herrerako, Antiguako, Bidebietako nahiz Sagueseko frontoietan konponketa lanak egin eta ekipamenduok apaintzeko.
2011ko eginbeharra, beraz, birmoldaketa hauekin jarraitzea izango da, eta Anoetako trinketea zein Loiolako frontoia izango dira jomuga. Bi egitasmo hauetarako Donostia Kirolak bideratu duen milioi erditik, 268.283 euro jasoko ditu Loiolako frontoiak.
Kanpoaldeko komunak bota Loiolako pilotalekuaren itxuraldaketa orokorra izango den arren, komun eta aldagela berriak eraikitzea izango da aldaketarik esanguratsuena. Horretarako, kanpoan dauden komunak botako dituzte eta, barruan, errebotearen aldamenean, berriak egiteko lekua egingo dute. 35 metro koadroko eremua sortzeko, harmailari hamar bat metro lapurtuko dizkiote.
Era horretan, bi komun eta bi aldagela zabaltzeko aukera izango dute. Komun eta aldagela banatan bereizita, ur beroa zein hotza eskainiko dute.
Bestalde, egitura orokorrean aldaketa handirik ez dute egingo. Dena den, pilotalekuko teilatua nahiz kontrakantxa inguratzen duten poliester eta metalezko xaflak aldatuko dituzte. Hala, teilatuan sortu diren itotiekin amaitzea espero dute. Era berean, herdoilak jotako txokoak ere berrituko dituzte.
Eraberritze lanak egin behar dituen enpresak, hala ere, duela 27 urte altxatutako egitura hau «itxuroso» dagoela ondorioztatu du.
Behin egiturarekin amaitu dutela, margo beharrean diren paretak apaintzea izango da azken egitekoa.
Pilotalekua goitik behera magortuko dute, hortaz. Frontoiko hormek, oro har, okerrik ez badute ere, ezker paretaren atzealdeak zenbait pitzadura ditu eta horiek guztiak konponduko dituzte. Harmailetako ingurua ere garbitu eta margotuko dute, eta pilotan behar bezala aritzeko, galdutako kolorea berreskuratuko dute lurreko markek.
Argiztapen hobea Horrekin batera, argiztapena aztertuko dute. Behar den lekuan argiak aldatuko dituzte eta erabiltzaileen eskaerari erantzunez, txokoan, bi argi gehiago jarriko dituzte pilota ederki ikus dadin.