Oreka TXen azken ikuskizuna iritsiko da otsailean Kursaalera
Bihar, asteartea, 11:30etik aurrera eskuratu ahal izango dira Kursaal Fundazioaren denboraldi berriko musika klasikoko abonuak eta herri musikako sarrerak Urte berriak hiriko eszenatokietara zer ekarriko duen ezagutzen ari dira pixkanaka ikusleak. Egitarau berriekin batera, heldu da ere, erabakitzeko ordua… Zein egun markatu behar dira gorriz? Kursaal Fundazioaren denboraldi berria hilaren 31n hasiko da, eta gaur bertan jarriko dituzte urtarrila eta ekaina bitarteko ikuskizunetarako abonu eta sarrerak salgai.
Gilberto Gil, Imanol abeslariari eskainitako ikuskizuna, Suediako Operako Balleta, Oreka TX-en lan berria… Mundu osoko musikariek, euskal artistekin partekatuko dute Kursaaleko eszenatokia.
Sttutgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin hasiko da programazioa. Sir Roger Norrington maisuaren zuzendaritzapean ariko da. 23 urte besterik ez dituen Yuja Wang pianistak ere parte hartuko du emanaldian. Otsailaren 9an beste piano jotzaile bat izango da Kursaalen. Hiriko musika zaleentzat jada ezaguna den Christian Zacharias. Musika Hamabostaldian eskainitako Mozart eta Beethovenen kontzertuengatik gogoratzen du publikoak. Oraingoan Lausanneko Ganbera Orkestrarekin itzuliko da, Mozarten 25. Pianorako kontzertuarekin.
Otsailaren 12an, Euskal Herriko Lur Maitea obran, euskal ahots ezagunek 60ko eta 80ko hamarkada bitarteko abestiak kantatuko dituzte. Gu Gira bira arrakastatsuaren bigarren zatia da. Oreka TX eko Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez, berriz, ikuskizun berriarekin etorriko dira. Kukai konpainiarekin batera, musika, kantua eta dantza uztartuko dituen emanaldia emango dute otsailaren 19an. Hostoak izeneko obra estreinatuko dute.
Madagaskarreko Ny Malagasy Orkestra martxoaren 3an etorriko da. Afrikako musikaren enbaxadore onenetakoa dela diote. Handik astebetera, martxoaren 10ean, Imanol kantautore donostiarra izango dute gogoan Donosti Tombuctu ikuskizunean. Maria Berasartek, Luis Eduardo Autek eta Mikel Ferresek parte hartuko dute omenaldian.
Frantziako Orkestrak udaberriaren inguruko egitaraua interpretatuko du martxoaren 13an. Stravinski eta Beethovenen piezak joko ditu Daniele Gattiren zuzendaritzapean.
Gilberto Gil da denboraldi berriko izen handienetako bat. Brasilgo abeslariak bere ibilbideko hautaketa bat eskainiko du martxoaren 27an. Bere semea Bem Gil gitarrista eta Jaques Morelenbaum txelistarekin izango da.
Bach-en suitek osatutako programa ekarriko du Europa Galantek eta Fabio Biondi zuzendari artistikoak. Apirilaren 5ean izango dira Kursaalen. Yemengo eta Afrika Mendebaldeko doinu tradizionalak joko ditu Yemen Blues taldeak maiatzaren 11n.
Jazz, funk eta blues ukituak izango ditu kontzertuak. Balletak ere izango du bere tartea. Maiatzaren 16an Suediako Errege Operako Balletak Mendelssohn eta Brahmsen erritmoan dantzatuko du, Christian Spuck-ek eta Mats Ek-ek sortutako bi koreografia garaikiderekin.
Jazzaleak asetuko dituen emanaldia maiatzaren 21ean iritsiko da. Jack DeJohnette bateria jotzailea bere bandarekin igoko da eszenatokira. Donostian duela bi urte izan zen Keith Jarrett eta Gary Peacock-ekin batera.
Musika klasikoko denboraldiko azken hitzordua ekainaren 1ean izango da. Mahlerren obra nagusietako bat, Lurraren abestia, eskainiko du Camerata Salzburg taldeak. Kantutegi alemaniarrean eskarmentua duen Petra Lang mezzosopranoak jarriko du ahotsa. Programazio berriko azken emanaldia, aldiz, Flamenco hoy izango da. Carlos Saurak zuzendutako ikuskizuna da. Saio bikoitza egingo dute, ekianaren 24an eta 25ean. Flamenko munduko hainbat artista bilduko dira bertan.