2007an baino 3.573 langabe gehiago dago Donostian
INEMen Lan Behatokiaren arabera, hirian 9.457 langabe zeuden 2010eko abenduaren 31n
Usteen erdia ustel izaten omen duten bezala, aurreikuspenekin antzera gertatu ohi da. 2010aren lehen egunetan egoera ekonomiko txarra aurreikusten zuten urte berrirako, baina joandako 2009a baino hobea. Okendo kaleko Enplegu Zerbitzu Publikoaren –INEM ohiaren– Lan Behatokiak ezagutarazitako datuek baieztatzen dutenez, hori iragarri zutenak zuzen ibili dira oraingoan. Langabe kopuruak gora egin baitu %5,6, eta orotara, 9.457 donostiar dabiltza lan bila, baina zenbaki horiek krisiak eragindako urteetan onenak dira. Izan ere, hazten jarraitu arren, igoera egonkortzen ari dela baitirudi. 2009ak ekarritako 1.736 langabe berrien laurdena baino izan ez baitira 2010ean, 503. Apur bat atzerago eginez, 2007ko urte amaierako datua eta amaitu berri denekoa alderatuz gero, krisi ekonomikoak 3.573 donostiarren kaleratzea ekarri duela ikus daiteke. Honen tamaina ehunekoetan argigarriago da: %60,72 hazi da hiriko langabezia hiru urteko epean.
Gora eta behera egin badu ere, hiriko langabeen kopuruak 9.500eko datuaren inguruan eman du 2010a. Urteko daturik txarrena urtarrilekoa izan zen, urte aldaketarekin, 645 lagunek lana galdu baitzuten. Gainontzeko hilabeteetan igoerak nagusi izan badira ere, modu apalagoan izan dira. Datu txarrena martxokoa izan zen, 9.812 langaberekin. Udaberriarekin batera, ordea, beherakadak iritsi ziren, denboraldiko lanei esker, ilara laburtuz. Testuinguru horretan, maiatza 9.092 langaberekin amaitu zen, urteko datu onena. Urtaroa amaitzearekin bat, halere, igoerak itzuli ziren. Abenduko gorakada apalak –66 donostiarrek lana aurkitu zuten– sei hilabeteko igoerarekin amaitu zuen. Hiriko joera bat dator Gipuzkoakoarekin. 2010eko azken hilabetean 43 lagun gutxiago zenbatu baitziren enplegu zerrendetan. Datu pozgarriak aurrera egiten duen ikusteko aste batzuk itxaron beharko da.
Sektoreka: zerbitzuek okerrera
Sektoreka begiratuz gero, ia alor guztietan gora egin du lan bila dabiltzanen kopuruak. Industria izan da salbuespena, alor honetan 101 donostiarrek lana aurkitu baitute. Joera negatiboei dagokienez, ohi bezala, gehien hazi dena, hirugarren sektorea izan da, 574 langabe gehituz. Hori horrela, urtea 7.084 langaberekin amaitu zen zerbitzuetan, 985ekin industrian, 783 eraikuntzan, 518 aktibitate gabeko sektorean –aurretik lanik ez zutenen arloa– eta 87 langaberekin lehenengo sektorean.
Langabeen profila
Krisiaren ondorioak gehien eragiten ditu, beste behin, emakumeak. Langabeen %52a emakumezkoa da eta lana galdu duen gizon bakoitzeko, bi emakumek izena eman dute zerrendetan. Guztira, 177 gizonezkok eta 336 emakume lan eske joan dira Okendoko bulegora. Adinari dagokionez, langabetuen erdia baino gehiago 25 eta 44 urte artekoak dira, 45 urtetik gorakoak gero eta gehiago badira ere. 12 hilabeteko epean gehien hazi den adin tartea baita hori, 378 langabe berrirekin. 25 urtetik berakoek, aldiz, joera aldatu eta 48 langabe gutxiagorekin amaitu dute urtea.
2009tik 2010era aldea, auzoz auzo
Hiriko auzo bakoitzean izandako bilakaera aztertzeko azken bi urteetako datuei erreparatuz gero hainbat ondorio atera daitezke. Batetik, 2008tik hona auzo guztietan langabeziak gora egin badu ere, Miramon-Aiete eta Pate Zaharreko zenbakiek hobera egin dute 2010ean. Bestetik, logikoa den moduan, egoera ekonomiko txarra gehien nabaritzen dutenak biztanle gehien dituzten auzoak dira, Altza edo Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo, kasu.
- Altza. 1.476.(2009ko abenduan, 1.434)
- Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo. 1.095 (1.083)
- Amara Berri. 1.087 (952)
- Intxaurrondo. 1.011 (938)
- Egia. 814 (771)
- Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 712 (606)
- Gros. 722 (674)
- Miramon-Aiete. 643 (667)
- Erdialdea-Amara Zaharra. 625 (573)
- Bidebieta. 490 (446)
- Ulia-Ategorrieta. 492 (472)
- Parte Zaharra. 289 (302)
- Eskalantegi. 1 (1)