Euskal zinemagileek gertuago izango dituzte ikusleak
Broja Cobeagak estreinatuko du Euskadiko Filmategiaren Zineguneak programa.
Euskadiko Filmategiaren Zineguneak ekimena abian da. Zuzendari eta ikusleen arteko solasaldiak prestatuko dituzte. Cobeaga izango da lehen gonbidatua. Lehen hitzordua bihar, asteazkena, izango da, Koldo Mitxelenan.
2011ko lehen ekimena aurkeztu du Euskadiko Filmategiak, Zineguneak. Joxean Fernandez zuzendariak esaldi batean laburtu du proposamen berria: «euskal zinemagileekin hitz egin eta solas egiteko aukera emango diegu ikusleei». Zineguneak programaren helburua, «urtean zehar zinema areto komertzialetan estreinatzen diren euskal filmak sustatzea da», gaineratu du. Donostiara, Bilbora eta Gasteizera iritsiko da Zineguneak eta Iruñeara ere, Nafarroako Filmategiarekin elkarlanean. «Proiektu umila da. Ikusleak euskal zinemara erakarri nahi ditugu. Zinemazaleentzat ohiko hitzordu bihurtzea nahi dugu».
Fernandezek gonbidapena luzatu die banatzaile eta ekoizleei Filmategiarekin harremanetan jarri eta lanean hasteko. Borja Cobeaga zuzendariak estreinatuko du programa. Donostiarrak ‘No controles‘ aurkeztu berri du zinema areto komertzialetan, eta bere bigarren film luzea izango du hizpide, hain zuzen ere, bihar, urtarrilak 12, 19:30ean, Koldo Mitxelenan. «Beste pelikula batzuk ere estreinatu berri dituzte. ‘Mystikal’, ‘Zigortzaileak’ edota ‘Balada triste de trompeta’. Baina aukeratu egin behar genuen, eta Cobeagarena urteko lehena izan da». Ekimen honek zinema areto komertzialetara iristen diren filmak babesten ditu soilik: «Honek ez du esan nahi besteak babestuko ez ditugunik. Oraingoz ez dugu egitarau egonkor bat egiteko baliabiderik. Beste horiek ere laguntzeko aukera izatea espero dugu», argitu du Fernandezek.
Pozik agertu zen zuzendaria, Cobeagak programan parte hartzeagatik: «Filmategiarekin lotura handia izan du. Kimuak katalogoan ‘La primera vez’, ‘Eramos pocos’, ‘Limoncello’ eta ‘Un novio de mierda’ lanak jaso ditugu. Cobeagaren lau film labur guztira».
Filmategiaren lagun zaharra Cobeagak berak Kimuak programarekin lotura handia sentitzen duela aitortu zuen, «Kimuak-i esker ari naiz egun pelikulak egiten». Proposamen berria, Zineguneak, erakargarria dela adierazi du: «Pelikula zinema aretoetan ikusgai dagoenean zuzendariarekin hitz egiteko aukera izatea gauza polita da. Zinema jaialdietan ere aukera hori izan ohi da, baina ez du zerikusirik. Nik ere ez dut izaten ikusleekin zuzenean hitz egiteko aukerarik. Niretzat ere esperientzia berria izango da». Zinemazaletasunaren harira bitxikeria bat ekarri du gogora, «lehen ez zegoen halako ekimenik. Ezin zenuen zinemagileekin inolako harremanik izan. Oraindik gogoan dut 14 urterekin Maria Cristina Hotelera joan nintzenekoa. Fernando Truebaren film baten inguruko solasaldia zen. Savater-ek aurkeztu zuen ekitaldia…». Guztiaren gainetik, «zinema egiteko dudan gogoa helarazi nahi diet ikusleei, zinemak egun bizi duen egoera alde batera utzita, jakina… ‘No controles’-i buruz hitz egingo dugu, baina pelikula baten harira gai asko atera daitezke. Gidoia idazteko prozesua, errodatze lanak, aktoreak, entseguak… ». Bihar, osteguna, Koldo Mitxelenan egingo duten solasaldian Cobeagaren azken film laburra proiektatuko dute. Aurtengo Kimuak katalogoko Un novio de mierda.
Cobeaga: «Makina bat euskal zuzendari dago» Zineguneak proposamenaren hurrengo hitzorduak oraindik zehaztu gabe daudela esan du Fernandezek: «Badakigu zenbait euskal zuzendari pelikula estreinatzear daudela. Montxo Armendariz edo Enrique Urbizu, besteren artean. Pixkanaka-pixkanaka, ikusiko dugu nola lotzen ditugun hurrengo solasaldiak». «Julio Medem, Luis Berdejo, Koldo Serra, Nacho Vigalondo… Makina bat euskal zuzendari dago. Euskal Herrian, hamarretik, bat zuzendaria da; ehunetik, batek larrua jotzen du», esan du barrez Cobeagak.