Fortuna kirol elkarteak uztailerako izango du Kontxako biltegia berrituta
Hesi batek apaintzen du Kontxako pasealekua, Erlojuen parean. Ez dute pasealekua aldatu behar, lurzoruaren azpian dagoen piraguentzako lokala berritu baizik. Fortuna kirol elkarteak eskuratu berri duen kontratua dela-eta, Kontxako txoko hau 60 urtez kudeatzeko eskubidea izango du kirol elkarteak. Lokala hartzeagatik saririk ordainduko ez duten arren, 700 metro koadroko lokala goitik behera eraberritzeko gastuei Fortunak egin beharko dizkie aurre. Fernando Ibarreta Fortunako kudeatzaileak Irutxuloko Hitzari jakinarazi dioenez, 1’5 milioi bat euroko finantziazioa beharko dute lokala txukuntzeko.
Eraberritze lanak hasi dituzte jada, eta uztailerako dena prest egongo dela aitortu du Ibarretak. Garai bateko aldagela zaharrak eraitsi behar dituzte, horregatik, lanek Kontxako pasealekuari ere eragiten diote. Oinezko eta txirrindulariei eragozpenik txikiena sortzeko, pasealekua maiatzerako libre egongo dela iruditzen zaio Fortunako kudeatzaileari. Bidegorriaren ibilbide aldaketa, ordea, ez da denen gustukoa izan, tartean, EAJko bozeramaile Xabier Ezeizabarrenarena.
Zutaberik gabe
Lokala “txikituta” zegoela dio Ibarretak. “Paretak ustelduta zeuden, kresalaren ondorioz”. Egitura, honenbestez, berriz gogortu beharko dutela azaldu du. Lan hauek, bada, 700 metro koadroko lokal garbia utziko dute, ez baitu zutaberik izango.
Piraguak uzteko ere leku gehiago egongo da. Zaharrean 300 ontzirentzako lekua zegoen bitartean, orain, 430-450 artean sartzeko lekua egongo delako.
Piraguarekin zer egin ez dakitenek, beraz, Fortunara jotzeko aukera dute, bazkide berrientzako lekua eskainiko dutelako. Lokala Kontxan, bertan, izatea “luxua” dela aipatu du Fernando Ibarretak, gora eta behera ibili gabe itsasotik bi pausora dutelako bazkideek ontzia uztea.
Piragua Kontxako lokal honetan uzteagatik 300 euro ordaintzen dituzte erabiltzaileek urtean.
Ikastaroak, udan
Herritarren artean zaletasuna pizteko, halaber, ikastaroak antolatzen ditu Fortuna kirol elkarteak udan. Azken urteetan 300 bat haurrek eman dute izen ikastaroetan. Ibarretak azaldu duenez, bi piraguismo mota desberdin praktika daitezke, bata, itsasokoa, eta bestea, ibaikoa. Azken honetarako, piragua txiki eta arinagoak erabiltzen dira eta olatuak hartzeko aproposa dira. Itsasoko piraguismoko ontziak, berriz, astunagoak dira eta ibilbide luzeak egiteko balio dute. Fortunak, bada, modalitate honetarako indartuko du eskaintza.
Piraguismoa ez ezik, paddle board delakoa ere eskainiko dutela aditzera eman du Ibarretak. Surf taularen gainean arraun egiteko kirol honek gero eta zale gehiago ditu gure artean.