Loiolako Erriberako eliza, maiatzerako
Odon Elorza alkateak Jose Ignacio Munilla gotzaina hartu du gaur udaletxean. Solasaldi lasaia izan duten arren, hirian garatzen ari diren bi egitasmoren egoera zein den eta hurrengo hilabetetan zein aurrerapauso emango dituzten ezagutzeko topaketa izan da. Hala, bi erakundeetako ordezkariek hitz egindakoa betez gero, Loiola Erriberako eliza maiatzean zabalduko dute eta Udalak Elizbarrutiko Museoaren proiektu museografikoa diruz lagunduko du datorren urtetik aurrera.
Supermerkatua, urrian
Rafael Moneo arkitektoak Loiolako Erriberan jarri duen hirugarren kuboa maiatzetik aurrera beteko da fededunez. Bartzelona hiribidea argiz betetzen duen eliza kanpotik eginda dagoela ematen badu ere, 900 metro koadroko oina duen eraikina guztiz hornitzea falta dela eta udaberrirako dena prest egongo dela azaldu dio Munilla gotzainak alkateari.
Elizkizunak ez ezik, inguru horretan ere erosketa egiteko aukera egongo da, azpiegitura finantzatzen lagunduko duen supermerkatua egingo dutelako elizaren azpian. Elizak eta Loiolako Erriberan supermerkatua ustiatuko duen enpresak hitzartutakoak gorabeherarik ez badu, alokairuan hartutako supermerkatura urritik aurrera jaitsi ahal izango da.
Museoa, 2013rako
Loiolako Erriberako elizan azken ukituak falta diren bitartean, Amaratik Parte Zaharrera aldatuko den Elizbarrutiko Museoa berriz zabaltzeko beste bi urte beharko dira. Famili Santuaren elizan zegoen Elizbarrutiko Museoa Santa Maria basilikara mugituko dute. Basilika eraberritzerakoan libre geratu ziren 500 metro koadroko bi solairu baliatuz, museoa finkatzeko lekua egokituko dute. Era horretan, Famili Santuaren elizan libre utzitako gunea behartsuak laguntzeko Caritasen Aterperentzat izango da.
Elizbarrutiko Museoa Parte Zaharrera lekualdatuz, irabazteko asko duela uste du Udalak, hala nola, San Telmo museoarekin elkarlanean aritzeko aukera izango duelako. Amarako kokagunean ez bezala, Parte Zaharrean egotea turisten erakargune bilaka daitekeela nabarmendu dute.
2013an museorik interesgarriena zabaltzeko, Udalak diru laguntza emango du. Santa Marian egin diren txukuntze lanek sortutako zuloa arintzen lagundu zuen Udalak iaz eta aurten ere egingo duela baieztatu du. Proiektu museografikoa garatzeko ere dirua jarriko du Udalak, halaber. Proiektu museografikorako 700.000 eta milioi bat euro artean beharko lirateke eta Udalak zati bati egingo lioke aurre. Aurten, aldiz, partidarik bideratzea ezinezkoa izango dela eta 2012tik aurrera, hiru urtetan partidak eskaintzeko konpromisoa hartu du alkateak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bien bitartean, Elizbarrutiko Museoaren funtzionamendua finantzatzen jarraituko du eta Santa Mariako eremua egokitzen den bitartean, Irungo Gordailua eskainiko du materiala gordetzeko.