Tati Garmendia: "Ez dut jokatzea faltan botatzen, baina bai lehen nuen errutina"
Behin ABF Ligak ezarritako hilabete eta erdiko etena bukatuta, asteburuan itzuli zen lehiara Bera Bera Eskubaloia. Reyes Karrerek eta Tati Garmendiak zuzentzen duten taldea gogor prestatzen aritu da atseden tartean, indar gehiagorekin itzultzeko. 2010ean bezain ongi jarraitu nahi du lanean taldeak eta larunbatean Rocasari irabazita (26-23) berreskuratu du Liga. Momentu honetan, Bera Bera laugarren postuan dago, Saguntorekin berdinduta, 15 punturekin. Tati Garmendiak, 35 urteko bidebietarra, taldearen eta berak hartutako postu berriaren inguruan hitz egin du Irutxuloko Hitzarekin.
Ligako lehen zatian egin duzuen lanaren inguruan zein balantze egingo zenuke?
Oker ez banago, bederatzi jokalari berri ditugu plantillan eta, hori kontuan izanda, irakurketa baikorra da. Agian lortu genezakeen punturen bat utzi dugu bidean, baina zaila da bederatzi lagun berri taldearen jokora moldatzea. Irakurketa orokorra baikorra da eta taldeak gorago egin dezake.
Zaila izan da taldea batzea?
Bai, zaila izan da eta gorago egon nahi dugu, baina oraindik ez da lehen itzulia ere bukatu, bi partida falta baitira. Momentuz sailkapena behin behinekoa iruditzen zait.
Ligaren atsedenaldi garaia oso luzea egin zaizue?
Egia esan ia bi hilabeteko atsedenaldia gehiegizkoa da. Hala ere, lanean jarraitu dugu, jokalari gutxi joan baitira kanpora. Lagunarteko partidak jokatu ditugu erritmoa ez galtzeko, baina ez dauka zer ikusirik.
Zaila izan da lehiara itzultzea? Rocasa espero baino aurkari indartsuagoa izan zen, ezta?
Bai, baina garaipenarekin egin dugu itzulera eta hori da garrantzitsuena. Rocasari baino, geure buruari genion beldur, atsedenaldia oso luzea izan delako. Egia da uste genuena baino arazo gehiago eman dizkigutela, baina 26-23ko emaitzak ere ez du partida guztia islatzen. Izan ere, lehen zatian ez ginen oso fin aritu, baina bigarrenean hobetu egin genuen.
Noraino iritsi nahi duzue?
Argi dago, ahalik eta gorenen. Partidaz partida lan egingo dugu helburua lortzeko.
Zer moduzko harrobia duzue?
Nagore Arizaga, esaterako, iaz igo zen lehen taldera eta denbora asko eman du kantxatik kanpo, sorbaldatik ebakuntza egin ziotelako. Dagoeneko errekuperatu da eta taldeko deialdian sartu zen asteburuan. Oraindik ez du jokatu, baina taldearekin normaltasunez entrenatzen ari da. Egia esan, harrobi zabalagoa izan genezake, baina beno.
Behin jokatzeari utzita, lehen denboraldia osatzen ari zara kantxaren bestaldean. Zer moduz orain arteko esperientzia?
Bigarren entrenatzailea naiz eta atezainen ardura daukat. Guztiz desberdina da, beste eginkizun bat hartu dut eta egokitzen ari naiz. Lan asko egin behar da eta denbora pasa ahala hobeto nago. Ez dut jokatzea faltan botatzen, baina bai lehen nuen errutina. Lehen bi ordu ematen nituen kiroldegian, entrenatu eta joan egiten nintzen. Orain, askoz gauza gehiago egin behar ditut. Pentsatu, atezainen bideoak ikusi, Reyesekin bildu astea antolatzeko… askoz denbora gehiago kentzen dit.
Egin duzuen marketing estrategia aldaketarekin, lortu duzue ikusle gehiago biltzea Bidebietan?
Egutegiak behintzat oihartzun handia izan du jendartean, orain ikusi beharko da ea partidetara ikusle gehiago erakartzea lortzen dugun.