Teilatua konpontzeko pasabideak jarri dituzte Illunben
Illunbeko zezen plazako teilatuak hamaika buruhauste eragin ditu, zabaltzeko sistema behin eta berriz matxuratu delako azken urteetan. PPko udal taldeak egindako galderari erantzunez, teilatua konpontzeko beharrezkoak diren pasabideak jarri dituztela jakinarazi du Jon Lasa Kirol zinegotziak. 18.000 euro gastatu dituzte horiek jartzen.
Teilatuan lan egiteko pasabideak jarrita daudela, ekipamendua libre egotea da bete beharreko hurrengo baldintza. Honela, maiatza aldean, Lagun Aro Gipuzkoa Basketek denboraldia amaitzen duenean, lanei ekin ahal izango dietela zehaztu du zinegotziak. Izan ere, lanean hasi aurretik saskibaloiko lurzorua kendu beharko dute.
Azkenik, lasai egoteko esan die Jon Lasak PPko zinegotziei, udararako zezenketak eroso ikusteko moduan egongo delako Illunbeko teilatua.