Danborrak izango dira egun hauetako protagonista.
Donostiaren egun handia.Urteko egunik luzeena. Danborrak kaleak hartzen dituen eguna. Horiek guztiak, eta askoz gehiago, dira gaur zortzi ospatuko den San Sebastian eguna deskribatzeko erabiltzen direnak. Hiriko patroiaren egunerako prestaketa lanak kalean ikusten hasi dira, kasu askotan baita entzuten ere; izan ere, hilabeteak baitaramatzate danborrada batzuek martxak eta abar fintzen.
Praktika gehien daukaten danborradetako kideek eguberrien bueltan hasi dira jo eta su makilak astintzen. Atzo bertan hasi ziren, esaterako, Axular lizeoko Gurasoen Danborradako kideak entseguetan. Haurrek ordea, dezente daramate datorren osteguneko jaia prestatzen.
San Sebastian martxa-ren soinu banda buruan, hirian zeharreko paseoa egitean, patroiaren eguna gertu dagoela erraz ikusten da. Egunotan Eguberrietako apaingarriak kendu eta zuri urdinez margotzen ari baitira dendetako erakusleihoak. Sukaldari kapelak eta danborrak ere azaltzen dira beirateen atzean, urdaiazpiko edota manikiak egoki girotzeko.
Hainbat tokitan, ordea, salgai dauzkate perkusio tresna donostiarrenak. Amarako Afede jostailu dendako arduradunak dioenez, «gurera taldeak etortzen dira batez ere, denek berdina eramateko. Banakoren bat edo beste etortzen zaigu ere. Baina, horiek 19an bertan azaltzen dira».
Kontuak eta atzerako kontaketa
Azken egun hauetan, gau hori berori dute gogoan hainbat eta hainbat arrandegitako saltzaileek. Bretxako Lourdes Zorrozua aspaldian hasi zen enkarguak jasotzen. Dagoeneko Kanoieta eta La Esperanza elkarteetako arraina berari eskatu diote. «Erreboiloa eta nekorak eskatu dizkidate». Behin ohitura zabaldua izan zen angula jate gutxi izango da aurten, eta zapoa, erreboiloa edota txipiroiak izango dira arrain preziotsuen ordezko. Zorrozuak argi ikusten du San Sebastian bezperan primerako menua izango dutela bere bezeroek. «Angularik ez, baina ondo afalduko dute».
Zorrozuak eta Konstituzio plazako Chivite arrandegiko jabeak bat egiten dute datorren astean angulek izango duten prezioa aurreratzean. Hain zuzen ere, biek ala biek 800 euroren bueltan ibiliko direla iragarri baitute, kontuak egin eta gero.
Sukaldarien hotsa txuriak eta sukaldeko zarata urdinak hiria ari dira prestatzen San Sebastian egunerako. Gaur zortzi, eta atzerako kontaketa!
Sebastian, bat bada zeruan…