Harriak agerian direla salatu du PPk
Kontxako aparkalekuko handitze lanak inguruko bizilagunentzat eragozpen soilik ez, Kontxa eta Ondarretarentzat ere hondar iturri izan dira; soilduta geratzen ari ziren hareatzotan 20.000 metro kubikotik gora hare isuri baitituzte. Ondarretan, behinik behin, ahalegin hori guztia, alferrikakoa izan dela ohartarazi du PP udal talde Jose Luis Arrue zinegotziak, agerian direlako berriz harriak.
Arruek, era berean, Udal Gobernuak izandako jarrera kritikatu du, udal taldeak irailean egindako eskaerei ez dielako erantzun. Ondarreta hondarrez betetzeko asmoen berri izan zutenean Udal Gobernuko kideengana jo zuen PPk, itsas korronteek hondarrean duen eragina zein den neurtzen duen ikerketarik burutu zuten ala ez jakiteko.
Urtarrilak, atzo, 11 egun bete zituela, 2010eko irailean mahai gainean jarritako zalantza hartatik erantzunik ez dutela jaso jakinarazi du Jose Luis Arruek. «Araudiak 20 eguneko epean erantzutera behartzen duen arren», zehaztu du zinegotziak.
Irailean egindako galderak albo batera utzita, Ondarretan harriak berriz begi bistan direla-eta, lehenbailehen neurriren bat hartu beharra dagoela esan du Jose Luis Aurrek, «turismoaz bizi den hiri baten postalik txukunena ez delako», dio.
Aurrekontua, aztertzen
Hondarraz gain, 2011ko udal aurrekontua da oposizioko taldeen egunotako buruhauste nagusia, hilaren 31n bukatzen delako zuzenketak aurkezteko epea.
Jose Luis Arruek adierazi duenez, zuzenketak aurkezteko asmoa du PPk, gastu arrunta gehiago murriz daitekeela uste baitute. Azken urteetan Illunbetik edo Garberatik aurreikusitako diru ekarpenak bazterrean utziz, urtetik urtera aurrekontua txikitzen joan dela aditzera eman du Arruek: «2008an, 468 milioi eurokoa zen udal aurrekontua, eta aurten, 390 milioi eurokoa».