Liburuak Donostiaz betetzeko bidea
Olentzerok, Errege-Magoek edo lagunen batek ekarritako liburu elektronikoaz gozatzeko garaia da urtarrila. Hala ere, urteari hasiera ematen dion hilabetea gogorra izaten da poltsikoentzat, eta gehigarriak behar dituzten opariak garesti sortzen zaizkio jaso dituenari.
Paperezko liburuen tokia hartuko duten tramankulu berri gehienak hutsik datoz edo, askoz jota, erabilera esku liburua besterik ez dute erakusten. Gauzak horrela, hainbat aukera daude legearen barruan, eta poltsikoari urraturik egin gabe, edukiez betetzeko opari berria. Kontua pixka bat zailagoa da euskarak bezain hiztun gutxi dituen hizkuntzen kasuan; baina, honek ere badu konponbidea.
Hain zuzen ere, euskarazko liburutegi digitala osatu nahi duenak, edo besterik gabe, bolada baterako irakurgaiaren bila dabilenak Internetera sartu eta lanean hasteko aukera izango du, esaterako, http://gutenberg.org, http://books.google.com/ebooks, guneetan edota www.cervantesvirtual.com guneetan.
Euskarazko edukiak nahi dituenak, ordea, zailxeago izango du. Baina, Irutxuloko Hitzak proposamen bat egingo dio. Hain zuzen, http://www.euskaraz.net/Argitalpenak/HerriLiteratura webgunean hamarnaka liburu aurkituko baititu, sosik gastatu gabe irakurketaz gozatzeko.
Eduki eta idazle ezin donostiarragoak aurkituko ditu gune horretan literaturaren zaleak. Bertan, 50etik gora lan daude pdf formatuan irakurle elektronikoan, zein ordenagailuan, irakurtzeko modukoak.
Liburutegi askotariko eta zabala
Bertsoak, antzerkia, eleberriak edota entseguak aurki daitezke Euskararen Donostia Patronatuaren gune horretan. Auspoa Liburutegian argitaratzen joan diren Donostiako idazleren lanak dira horietako batzuk. Besteak, berriz, patronatuak berak atondu ditu.
Donostiar aski ezagunen hainbat lan aukera daitezke liburutegi zibernetiko apalategian. Esaterako, Bilintx bertsolariaren lanen bilduma edota Serafin Barojaren euskarazko opera libretoak.
Beste hamarna autoreren lanak ere jaitsi daitezke klik baten bidez, besteren artean, Katalina Eleizegi zein Toribio Altzagaren antzezlanak, edota gaurkoagoa den Jose Aierberen Alako batean bertso liburua. Bilduma honek berezko interesa dauka Donostiako euskaldunentzat; bertan biltzen direlako hizkuntzaren alde lan egindako jende askoren idazkiak.
Altxor txiki honetan gustu guztietarako irakurgaiak egonik ere, aipamen berezia merezi du Dunixi Azkueren Atzoko Donostia idazlanak. Duela 82 urte emandako hitzaldiaren testuan Azkuek ordurako galtzen ari zen hiriaren aztarnak bildu zituen. Umore puntuarekin komentatu zituen Azkuek Bretxa edo Kaia aldean izandako aldaketak. Zer esango luke, ordea, Bulebarreko bankuren batean, norbait orririk gabeko liburuak irakurtzen ikusi izan balu?