(Argazkia Estitxu Zabala)
Ez da harritzekoa Lucas Egibar (Igeldo, 1994) snowboardean aritzea. Familiatik datorkio afizioa, izan ere, bere aiton-amonak eta gurasoak eski lehietan aritutakoak dira. Hala, hiru urterekin eskiatzen hasi zen gurasoen eskutik eta, ondoren, snowean berezitu zen. Europako Kopako bigarren proban parte hartu berri du Frantziako Puy estazioan. Handik itzuli denean bildu da berarekin
Irutxuloko Hitza, baina segituan joango da berriro ere. Hain zuzen ere, ostiralean Kataluniako Pirinioetako La Molinara joango da, Munduko Txapelketan parte hartzera, urtarrilaren 17tik 20ra. Junior mailan, munduko 21. postua lortu zuen iaz.
Txikia zinela hasi zinen eskiatzen gurasoekin, ezta?
Hiru urte nituela gurasoek Candanchura eraman ninduten eta eskiatzen erakutsi zidaten. Entrenatzen eta entrenatzen aritu nintzen eta bost urterekin lehiatzen hasi nintzen. Gero, amarekin snowean ikasi nuen 5-6 urterekin eta pixkanaka snowa eskia baino gogokoago izan nuen. Urtero eskiko eta snowboardeko Espainiako Txapelketetara aurkeztu nintzen, Espainiako hautatzaileak talderako deitu zidan arte. Eskia eta snowaren artean aukeratu behar izan nuen eta snowarekin geratu nintzen. Orain nazioarteko txapelketetan parte hartzen dut.
Pozik zaude egin zenuen aukerarekin?
Bai. Hasieran, zalantzan egon nintzen, baina azkenean eskia beti berdina iruditzen zitzaidan eta probatzeagatik ekin nion snowari. Eskian ibilbideak beti dira ezker-eskuin. Snowa beti desberdina da eta estaziora iritsi arte ez dakizu zerekin egingo duzun topo. Gainera, snowa bultzatu nahi dugu. Eskiatzen aritzen nintzenean, ohiko txapelketetan 70-80 gazte inguru ibiltzen ginen. Snowan, berriz, Espainiako txapelketetan ez dakit 30 lagun ere biltzen diren.
Espero zenuen hautatzailearen deia?
Ez nuen espero. Espainiako Txapelketara probatzeagatik joan nintzen eta ongi atera zitzaidan. Ondoren, hautatzailearen deia jaso nuen.
Elurretara joaten hasi zinen lehen urte horietatik zerbait oroitzen duzu?
Oso txikia nintzen eta ez naiz gogoratzen. Etxean badut txikitako garaikurren bat, baina 7 urte nituen arte ez dut oroitzapenik.
Familiatik datorkizu orduan afizioa?
Bai. Nire gurasoek eta aiton-amonek ere eskiatzen zuten. Arreba gazteago bat dut eta bera ere snowan ibiltzen da, baina orain lesionatua dago. Anaia zaharragoak ere lehiatzen zuen, baina orain errugbian dabil gehiago.
Txikitatik lehiatzen ibilita, oraindik urduri jartzen zara lehiatu aurretik?
Urduritasuna beti izaten duzu, baina batzuetan besteetan baino hobeto kontrolatzen duzu. Nazioarteko lehietan zailagoa da kontrolatzea.
Zein da board-cross, half pipe eta erraldoi paraleloa modalitateen arteko aldea?
Orain board-crossean nabil. Modalitate horretan erlojupeko lasterketa egiten da lehenengo, banan-banan. Bidean jauziak eta antzekoak egoten dira eta ahalik eta azkarren iristea da helburua. Gero, lauko errondak egiten dira eta lehenengo biak sailkatzen dira. Half pipe delakoa, tubo-erdian egiten da, niri gehien gustatzen zaidana da eta hori egiten bukatzea gustatuko litzaidake. Tubo-erdian sartu eta mugimendu onenak egin behar dira. Erraldoi paraleloa, berriz, biren arteko lehia da, ibilbide berean.
Europako Kopako lehenengo bi lehietan parte hartu duzu. Gustura orain arte egindakoarekin?
Urtean zortzi bat lasterketek osatzen dute eta postu ona lortzeko gogoz nago. Pozik nago. Hiru lasterketa egin ditut eta nahiko ongi aritu naiz. Gainera, iaz igaro nintzen maila absolutura eta aldea nabaritu nuen, Olinpiar Jokoetan aritutako jendearekin aritzen zara. Lan egitearen ondorioz, iazko maila hobetzea lortu dut.
Ostiralean Munduko Txapelketara joateko bidaiatuko duzu. Absolutu mailan lehiatuko zaren lehenengo aldia izango da.
Ongi pasatzera joango naiz eta jaitsiera ona egiten saiatzera. 90 partaide inguru egongo gara eta azkeneko 20 postuetan geratzen direnak kanporatu egingo dituzte. Ez dakit postu hobea lortzerik izango dudan. Edonola ere, egiten dudanarekin pozik geratuko naizela uste dut.
Familiakoek jarraitzen dituzte zure lasterketak?
Eskiatzen nuenean, gurasoak ikustera etortzen ziren, Espainian lehiatzen nintzelako. Baina orain oso urruti izaten ditut txapelketak; Italia, Frantzia, Austria… Gertuen dudan txapelketa Donostiatik bederatzi ordutara dago.
Nola moldatzen zara entrenatzeko?
Espainiako taldearekin denboraldi-aurrea Suitzan egiten dut. Bi astez han egoten gara eta beste bi astez etxera itzultzen gara, txandaka. Han dezente entrenatzen dugu elurretan eta Donostiara etortzean gimnasioan aritzen naiz. Behin denboraldi-aurrea bukatuta, aste pare batez etxera etortzen gara eta gero txapelketek hasten dira, udaberrira arte.
Nola da denboraldi-aurreko ohiko egun bat?
Normalean 6:30ak aldera jaiki eta esnatzeko korrika pixka bat egiten dugu. Gero, gosaldu eta zortzietan teleferikoa hartzen dugu. Ordubete pasatzen dugu pistetara iritsi arte eta 9:10ean entrenatzen hasten gara. Egunaren arabera, jauziak egiten edo ibilbidea egiten aritzen gara. 12:00ak arte aritzen gara eta arratsaldean, berriz, fisikoa lantzen dugu, 15:30etik 18:00etara.
Oso gogorra da snowaren mundua?
Eskiatzen nuenean snowa lasaiagoa izango zela uste nuen. Baina nahiko gogorra da eta, lasterketetan goi maila dagoenez, dezente entrenatu beharra dago. Jendeak uste du snowean ez dagoela hainbesteko lehiakortasunik, baina ez da horrela.
Ikasketekin nola zabiltza?
4. DBH egiten ari naiz. Grosen ikasten dut eta kanpoan nagoenean Internet bidez moldatzen naiz.
Ingurukoek eta lagunek zer esaten dizute?
Luxua dela esaten didate, beti alde batetik bestera bidaiatzen ibiltzen naizelako.
Zein da zure ametsa?
Epe luzeko helburua Olinpiar Jokoetan parte hartzea da. Ez dakit hiru urte barru Errusian izango diren Olinpiar Jokoetara joaterik izango dudan.