Baliteke Xabi Alonsoren senitarteko batek jasotzea Urrezko Danborra, urtarrilaren 20an
Xabi Alonsok ezingo du urtarrilaren 20an Urrezko Danborra jaso Donostiako udaletxean. Izan ere, Real Madridekin Kopako partida jokatu beharko du egun horretan bertan, Atletico Madriden aurka. Udalak saria egun bat lehenago edo beranduago ematea ere pentsatu du, baina egun horietan ere ezinezkoa egingo zaio Alonsori Donostiara etortzea. Bezperan taldearekin kontzentraturik egongo delako, eta 21ean, berriz, hurrengo partidari begira lanean egongo direlako.
Behin danborra nori emango zaion erabaki ondoren, sarituak jasotzera etortzerik ezin duen lehenengo aldia da. Odon Elorza Alkateak prentsaurrekoa eman du gaur Udalean eta azaldu duenaren arabera, Donostia Turismoko administrazio kontseiluarekin bilduko dela bihar, gertatutakoa aztertzeko. Hala, baliteke futbolariaren senitartekoren batek jasotzea saria San Sebastian egunean eta ondoren bideo konferentzia bidez bere hitzak entzuteko aukera izatea. Edonola ere, alkatearen hitzetan, aurrerago Alonsok bisita ofizialen bat egin dezake hirira.