AEK-ko ikasleek Antxon Mendizabalen lantegia bisitatu dute
Ikastoletara joaten direnen moduan, euskaltegietako ikasleek ere txangoak egiten dituzte. Eskoletan ikasitakoa egoera errealetan erabiltzea izaten baita ikasgaiak finkatzeko modurik eraginkorrena.
Hori guztia kontuan hartuta, Groseko AEK euskaltegiko hirugarren urratseko ikasleek Antxon Mendizabal eskultorearen tailerrera egin dute bisita. «Ni ere euskaltegian ibili nintzen. Orain, ordea, euskaraz bizi naiz».
Eskultoreak euskararekin izandako esperientziak ez ezik, bere jardueraren nondik norakoak eman dizkie AEK-ko ikasleei. Mendizabalek hiru alorretan aritzen dela argitu die bisitariei. Egur eskultura artistikoez gain, «ikastaroak eman eta artisautza lanak egin behar izaten» ditu-eta.
Batez ere, egurrarekin egiten du lan Mendizabalek, eta honen inguruko hainbat zehaztapen eman ditu. «Intxaurrondoa asko gustatzen zait. Bi mota daude, amerikarra eta bertakoa, eta bertakoa da hobeagoa». Aspaldian eskultorearen irakasle izandakoak samurki zuzendu dio, «hobea? Intxaurren moduan orduan!»
Bestalde, ikasle finen moduan, bisita prestatuta ekarri dute Grosen dagoen tailerrera. Hain zuzen ere, Irutxuloko Hitza-k eskultoreari egindako elkarrizketa baliatu dute galdera sorta osatzeko. «Bukatu al dituzu arotza ikasketak?», galdetu dute ikasleek. Barre artean, azkar erantzun du artistak, «bai, etxean obligatuta baina bai». Bisitarietako batzuk solasaldiari adi-adi arreta ematen ari zaizkio. Beste batzuk ordea, etxean apaingarri lana egin dezakeen obraren baten bila ari dira.
Izen dantza eta lezio bikoitza
Interesak lotsa aritzen lagunduta, bisitarietako batek zera galdetu du, «zenbat kostatzen
eguzki lore bat? Hala esaten da ez?». Geroago hitz egingo zutela erantzunda, Mendizabalek suak eta dantzak inspiratutako eskultura seriea erakutsi dio taldeari. «Honek Su-dantza dauka izena, eta beste honek Kalejira». Horiek entzunda beste ikasleetako batek San Juan dantza izena proposatu du hurrengo baterako. «Izenak besterik ez dira, bakoitzak zerbait ezberdina ikusten badu, hori izan daiteke eskultura».
Horrela, kontu kontari, galderak eginez eta erantzunez, eskola ordua bukaerara iritsi da. Ikasleek lezio bikoitza atera dute eskultorearen lantegitik. Batetik, egurren izenak eta arteari buruzko hainbat gauza ikasi dituzte. Bestetik, ordea, euskaltegira joanda euskaraz gain beste gauza asko ikasten direla. Esaterako, euskaldun berriek euskaraz bizitzera irits daitezkeela.