Jon Santacanak bikain ekin dio denboraldiari
Jon Santacana eskiatzaile paralinpiarrak ederki hasi du elbarrien eski alpinoko Munduko Kopa. Ikusmen arazoak dituenez, Miguel Galindo izan du oraingoan ere gida lanetan. Kopako lehenengo etapa Italiako Arta Terme estazioan jokatu zuten, urtarrilaren 7tik 11ra bitartean. Bertatik, balantze bikaina ekarri du Loiolako eskiatzaileak: garaipen bat eta hiru bigarren postu. Pozik egoteko moduko emaitza, alajaina.
Italiako lehian 15 herrialde inguruko 70 kirolarik parte hartu zuten. Zehazki, honakoak izan ziren Santacanak eta Galindok gainditu behar izan zituzten probak: Bi erraldoi eta bi slalon. Aipatzekoa da bigarren erraldoian lortu zuten emaitza. Izan ere, segundo bat baino gehiagoko aldearekin irabazi zioten etsai nagusietako bati, Christopher Williamson kanadiarrari. Hala, lehenengo erraldoia jokatu ondoren geratutako arantza kentzea lortu zuen Santacanak. Izan ere, lehenengo horretan, Williamson bera izan zen irabazlea, baita slalonetako batean ere, Santacanari bost ehuneneko abantaila aterata.
Momentuz, ez dute Kopako beste hitzordurik zehaztu, baina urtero legez, beste probaren bat jokatzea izango litzateke logikoena.
Munduko Txapelketara begira
Kopa alde batera utzita, Munduko Txapelketa da Jon Santacanaren hurrengo erronka. Horixe da, hain justu ere, denboraldiko probarik garrantzitsuena. Munduko Txapelketa ere Italian jokatuko dute, baina beste estazio batean, Sestriere delakoan. Munduko Txapelketa gaur bertan hasiko da eta urtarrilaren 23ra arte luzatuko da.