Garbiñe Alkizari babesa emanez Jon Anza kasua argitzeko eskatu dute
Garbiñe Alkizak epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen atzo, Egiako Justizia Jauregian. Jon Anza zenaren senidea da Alkiza eta, Anzaren gorpua agertu ondoren, Donostian egindako manifestazioan segurtasun indarrak iraindu izana egozten diote. Hala, bi expediente zehatzaile zabaldu dizkiote eta bakoitzean 1.000 euroko isuna ezarri nahi dio Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak.
Intxaurrondoko Amnistiaren Aldeko Mugimendua ez dago ados epaiketarekin eta, auzotarrari babesa emateko, elkarretaratzea egin zuen epaitegiaren aurrean, Egia nahi dugu, Xantaia ekonomikorik ez! zioen kartelaren atzean, 12:30etik 13:00etara. Izan ere, Alkizak 13:00etarako joan behar zuen epaitegira.
Donostiako manifestazio hura
Protestan 40 lagun inguru batu ziren eta elkarretaratzea hasi aurretik ohar bat irakurri zuten komunikabideen aurrean. Irakurritako testuan, iazko martxoan Jon Anzaren gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian agertu zela gogorarazi zuten, ia urtebetez desagerturik egon ondoren. “Ondorengo egunetan protesta ugari izan zen Euskal Herrian, euskal militantearen hilketa Espainiako Gobernuari zuzenean egotziz”, adierazi zuten.
Protesten artean, Donostian egondako manifestazioa nabarmendu zuten, milaka lagun bildu zirelako bertan. “Jon gogora ekartzeaz gain, bere heriotza gerra zikinaren ondorio zuzena zela salatu zen manifestazioaren amaieran”. Hain zuzen ere, Garbiñe Alkiza izan zen manifestazioa bukatzean hitza hartu zuena, eta bere senidearen heriotza “ondo marrazturiko errepresio estrategiaren jomuga” izan zela esan zuen. Elkarretaratzean bildutakoek egun hartan pentsatzen zuten bera pentsatzen jarraitzen dutela adierazi zuten: “Jonen hilketa gerra zikinaren ondorioz eman zen, hori da orduan uste genuena, eta hori da denbora aurrera doan heinean nagusitu den azalpen logiko bakarra”.
Finean, honako salaketa egin zuten: “Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial askok ikusi zuten gerra zikinaren mamua Jonen heriotzaren atzean, baina segurtasun indarrek eta epaitegiek Jonen heriotza isildu eta gerra zikinaren salaketa zigortzera bideratu dituzte beraien indarrak. Argi utzi nahi dugu Jon Anzarekin gertatu dena argitu arte lanean jarraituko dugula. Mota honetako zigor eta mehatxuek ez gaituzte geldituko. Euskal Herrian aro berri bat zabaldu da, baina argi dago estatuek errepresioaren bidean ibiltzen jarraitu nahi dutela. Ez dugu mendekurik nahi, justiziazko bakea baizik”.