Haur danborradak 50 urte ditu
Haur Danborradaren desfileak 1961an hartu zituen lehenengoz hiriko kaleak. San Sebastian egunean beteko den mende erdia ospatzeko, Donostia Kulturak 50 urte konpainian liburua argitaratu du, Kutxak babestuta.
Festaren azterketa historikoan oinarritu dituzte Javier Mariak eta Asier Sadak testuak. Aurrekoekin batera, Sara Santos nahiz Estudio Bielsa etxearen argazkiak dira liburuaren oinarria. Konpainia bakoitzaren jatorri eta janzkeraren xehetasunez gain, Kutxako Fototekak, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak –Joaquin Garcia Liceaga, Jose Juan Gurrutxaga eta Jose Luis Garcia Madinabeitia– eta Donostia Kulturako Festen atalak utzitako argazkiek liburuaren historia ikuspegia aberasten lagundu dute.
Lanaren 11.500 ale argitaratu dituzte. Ikastetxeei nahiz aurtengo haur danborradako partaideei emateaz gain, aurreko urteetan Easo Ederra izanedota karguren bat izan dutenei ere helaraziko zaie. Hala ere, eskaeren arabera, edizio berri bat egin eta “prezio sinbolikoan” salgai jar dezaketela azaldu du Denis Itxaso Kultura eta Gazteria zinegotziak.
Aurkezpena asteartean izango da, Gaska kiroldegian
Haur Danborradako Ohorezko Karguen eta Danbor Nagusiaren aurkezpena astearte eguerdian egingo dute Gaska kiroldegian. Jakina denez, Easo Ederra eta jenerala Asuncion Ikastetxeko Haizea Marquez eta Mikel Salaberria izango dira. Danbor Nagusia, aldiz, El Carmelo ikastetxeko Jon Arrese izendatu dute. Hauek haur danborradetako ordezkariekin batera parte hartuko dute aurkezpen festan. Ekitaldian izatekoak dira Realeko eta Lagun Aroko hainbat jokalari, Goenkaleko zenbait aktore, Urban 13 breakerrak eta Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoak ere.
Ostegunean -urtarrilak 20- hiriaren omenaldia jasoko dute haurrek. 12:00etan helduen danborradetako 32 ordezkarik Haur Danborradako konpainiekin batera San Sebastian martxa joko dute Alderdi Ederren. Donostiarrek gehien maite duten Raimundo Sarriegiren piezak ere urteurren borobila du aurten. Izan ere, 150 urte beteko baitira martxa lehen aldiz jo zenetik. Sarriegiren txaranga izan zen sansebastianak doinu haiekin alaitzen lehena, 1861ean.