Israelek maiatzean egindako erasoen berri emango dute
2010eko maiatzaren 29an Gazako blokeoa hausteko asmoz, nazioarteko sei elkartek antolaturiko hainbat itsasontzi Palestina aldera jo zuten garraiatzen zuten laguntza banatu eta elkartasuna adierazteko. Taldeok, baina, Israelgo Gobernuaren indarkeriarekin egin zuten topo. Denera, bederatzi lagun hil eta 54 lagun zauritu ziren.
Ekimen hartan zer gertatu zen zehatz-mehatz azaltzeko, Manuel Tapial palestinarren aldeko aktibistak hitzaldia eskainiko du, gaur, 19:00etatik aurrera, San Jeronimo kaleko liburutegian. Bertan, Tapialen bizipenak entzuteaz gain, bidai hartako gorabeherak laburbiltzen dituen dokumentala eskainiko dute. “Telebistan bota ez dituzten irudiak aurkeztuko ditut”, esan du Tapialek.
Palestinarren aldeko aktibistak, era berean, esku artean duten Rumbo a Gaza egitasmoaren berri emango du. Maiatzean egin zuten bezala, laguntzaz beteriko ontziekin Gazara hurbiltzeko asmoa dute. Espainiako elkarteek bi ontzi prestatu nahi dituzte, bata, bi mila tona laguntzarekin, eta bestea, kultur eragile, kazetari eta gizarte aktibistez beteta. Egitasmoa aurrera atera ahal izateko, milioi bat euro beharko dutela kalkulatu du Manuel Tapialek. Diru hori lortzeko, kontzertuak eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte.