Lehen bizilagunek Morlanseko auzune berriari bizia eman diote
Zementuak, garabiek eta kamioiek bertatik patxadaz ibiltzea galerazten duten arren, hasi da Morlanseko auzune berrian bizitza loratzen. Lehen bizilagunak atarietatik sartu irtenean ikus daitezke. Estreinatu berri dituzten bizilekuetatik ateratzen den argiak ere Amara-Ibaeta errepide zurbila apaintzen du.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak sustatu dituen 94 etxebizitzetako bizilagunak izan dira Morlans konkistatzen lehenak. Udalak bultzatutako promozioan etxebizitza eskuratu zutenak, berriz, hilabete barru hasiko dira Morlansera mugitzen.
594 familirentzako aterpea eskainiko du Morlansek, guztiak babes ofizialekoak. Udalak 2009ko apirilean zozketatu zituen lehen 133 etxeak (69 alokairuan eta 64 salmentan), eta Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak Irutxuloko Hitzari jakinarazi dionez, saria eskuratu zutenek otsailetik aurrera izango dute habi berrian barneratzeko aukera.
Jabeen komunitatea
Abendutik aurrera hasi dira lehen familiak Eusko Jaurlaritzak sustatutako 94 etxebizitzetan sartzen. Jaurlaritzako Etxebizitza saileko arduradunek jakinarazi dutenez, banatu dituzten 94 etxebizitzetatik 74k dute jada jabetza titulua. Hilabete bukaeraraino, bada, denek beren etxeetan sartzeko aukera izatea espero dute.
Lehen jabetza tituluak sinatzearekin batera, eraikineko jabeen komunitatea abenduaren 29an osatu zuten.
Jaurlaritzako ordezkariek, halaber, etxebizitza hauen azpian dauden garaje eta lokalak ere Jaurlaritzako etxebizitza egitasmoak aurrera ateratzen dituen Visesa enpresa publikoak salgai dituela azaldu dute.
Morlans auzunea, baina, ez da etxebizitzez bakarrik hornituko. Lau izarretako hotela, 70 bulegoko eraikina, merkatal gune batentzako bi mila metro koadro eta hainbat denda zabaltzeko 1.800 metro koadro izango ditu. Baita 160 plaza izango duen aparkalekua ere.