Xabi Alonsok asteazkenean jasoko du Urrezko Danborra
Azken orduko gertakariek edota eguraldi txarrak hegaldia zapuztu ezean, Xabi Alonsok berak jasoko du Urrezko Danborra. Real Madridek atzo Kopako partida irabazi ondoren, Jose Mourinho entrenatzaileak Donostiara etortzeko baimena eman dio jokalari tolosarrari. Hori hala izateko, ordea, ekitaldia aurreratu egin dute. San Sebastian egunean beharrean, bezperan arratsaldeko 18:00etan jasoko du Alonsok aintzatespena. Urrezko dominak, beraz, ostegunean 12:30ean banatuko dituzte.
Alkatetza nahiz turismo ordezkariek Real Madrideko presidentearekin izandako hamaika elkarrizketen eta jokalariaren prestutasunaren emaitza da erabakia.
Udalbatza aretora Alonso ikustera bertaratuko diren haurren eta gaztetxoen kopurua handia izango dela aurreikusi du alkateak. Denentzat tokia izango ez denez, udaletxeko balkoitik kanpoan geratu direnak agurtzeko eskatuko diote omenduari.