"Abstrakzioa zuk zeuk sentitu behar duzu, ikusten duenak"
Laura Esteve margolariak erakusketa berria ireki du Ekain galerian.
Azken bi urteotan egindako pinturak zintzilikatu ditu Laura Estevek Parte Zaharreko Ekain arte galerian. Otsailaren 14a arte izango da zabalik erakusketa.
Iaz, Kutxa Boulevard aretoan, egin zenuen zure azken erakusketa. Nolakoa da orain aurkeztuko duzuna? Abstrakzioa da. Artelan hauek ez dute istoriorik kontatzen, obra errealistek egiten duten moduan. Zaila da azaltzea. Abstrakzioa zuk zeuk sentitu behar duzu, ikusten duenak. Nik neuk ere ez dakit zergatik pintatu ditudan horrela lan hauek. Beno, ikasi dudan guztiarengatik ateratzen da. Zerbait badakit. Baina zaila da hitz zehatzekin azaltzea.
Nola hasten zara lanean? Buruan inolako ideiarik izan gabe. Kuadroa pintatzen hasten naiz pixkanaka. Bertan sortzen diren pintura orbanek gauza desberdinak iradokitzen dizkidate: koloreak, egiturak, artelanaren formatua… Lanean hasi aurretik, aldez aurretik ez dut argi izaten zer egin nahi dudan.
Ez dakizu, beraz, emaitza zein izango den… Obrak berak ematen dizkit aginduak. Batzutan kolorea aukeratzen dut, hori bai. Beltza askotan erabiltzen dut. Asko gustatzen zait pintzelada handiak egitea beltzez. Baina horrek ere ez dauka azalpen logikorik. Beste koloreekin transparentziak sortu ohi ditut. Horregatik egiten dut lan akrilikoekin. Ez dut masa egiten koloreekin. Akrilikoa olioa baino lehenago lehortzen da, eta abantaila hori ematen dizu. Batzutan, kuadro zahar bat ikusten dut, eta trazu batzuk falta zaizkiola ikusten dut. Erakusketa honetan badaude pare bat horrelakoak. Kuadro bat oso aldakorra izan daiteke. Ez du bukaerarik.
Ez zara margolanak markoan ipintzearen aldekoa… Ez. Ez zait gustatzen efektua. Kuadroa ito egiten du markoak. Horrela, marko gabe, aske uzten duzu.
Abstrakzioa ez ezik, beste estiloren bat probatu al duzu? Asko marraztu dut. Oraindik ere marrazten jarraitzen dut. Erretratuak, zirriborroak, biluziak… Begira, erakusketara ekarri ditut Perugian ikasi nuenean egin nituen marrazki batzuk. Ez dakit, denbora daramat murgilduta abstrakzioan. Gorputzak hala eskatu dit, esentziara iristea. Figurazioa edota gauza errealak irudikatzea ez dit eskatzen.
Diseinu grafikoan ere lan handia egin duzu. Bai, oraindik ere enkargu bat edo beste izaten dut. Baina urte batzuk dira jada utzi nuenetik.
Zaila al da margolari izatea? Zaila da pinturan egindako lanaz bizitzea. Arte komertziala ez bada, are gehiago. Ni beti saiatu naiz arte komertzialetik urruntzen, baita diseinu grafikoan ere. Ez dut amore eman. Pintura nire espaziorik intimoena izan da beti. Euskal Herrian hainbat artista daude. Oso onak dira gainera. Baina aurrera egitea, lehen esan dudan bezala, zaila da, oso zaila.
Ia bi urte dira galeria honetako arduraduna zena, Juan Kruz Unzurrunzaga, hil zela. Elkarrekin lan egin zenuten ezta? Lankide izan ginen bai. Arte galeria ireki nuen Grosen, Kolon pasealekuan eta berak ere proiektuan parte hartu zuen. Laura Esteve Arte Lanak izena zuen espazio hark. Proiektu hura mantentzea dirua galtzea zen, eta itxi egin genuen. Marrazketa eskolak ematen nituen bertan, akademia moduko bat zen. Juan Kruzek, ordea, galeria bat irekitzeko proposamena egin zidan. Ezagutu zutenek badakite nolakoa zen Juan Kruz. Oso limurtzailea zen, eta berehala konbentzitu ninduen. Hiru urte iraun zuen proiektu hark. Oso interesgarria izan zen.
Eskolak ematen jarraitzen al duzu? Iaz bukatu nuen. Pinturan lan egin nahi dut buru belarri. Eskolek distraitu egiten naute. Astean behin egoten nintzen ikasleekin, besterik ez, baina kezka bat ere bazen. Ez nintzen aske sentitzen. Pena ematen dit, asko maite ditudan ikasleak bainituen… Baina aro hura bukatu egin da. Aro berri bati ekin diot.