Dena prest, danborra jotzen hasteko
San Sebastian egunean danborra jotzen aterako diren 19.000 danborrariak hilaren 20a noiz iritsiko zain dira. Helduen danborrada osatzen duten 111 danborradak jo eta ke ari dira lanean, batez ere, aurten lehenengoz aterako diren lau danborradak: Donosti Cup, Santo Tomas Lizeoko Gaztekide, Txirain Kultur Elkartea eta Aitor Ikastolako Ikasleen Latxaga Guraso Elkartea.
Lau elkarte hauetako danborrariek bezala, Ainhoa Beola Berdintasun zinegotziak ere bizipen berria izango du aurten, alkatearekin batera, Konstituzio plazako bandera igotzeaz arduratuko baita.
Gauerdia iritsi aurretik, hala ere, San Sebastian bezperan, festa giroa nagusi izango da hiriko kaleetan. Izan ere, hilaren 19an, 18:00etan, Urrezko Danborra jasoko du Xabi Alonsok udaletxean. 19:30ean, berriz, lore eskaintza egingo dute Raimundo Sarriegiren eskulturaren aurrean, 150 urteurrena betetzen baita San Sebastian martxa sortu zuela.