Karrikatik kioskora
Kale kantoietan mahaiak edo euskarriak jarrita egunkariak saltzen zuten azkena ziren Mari Carmen Lazarraga eta Maria Luisa Ruiz. Hamarkadatako lanaren ondoren, erretiroa hartzea erabaki zuten. Urte berriarekin batera, Moraza eta Urbieta kaleen arteko kantoia husteaz gain, tradiziozko ogibidea galdu egin da ere. Garai batean, izkin eta kale askotan ikus, eta bereziki, entzun zitezkeen egunkari saltzaileak: Groseko Galtzada Nagusia eta Sekundino Esnaola arteko izkinean, Jose Maria Salaberria eta Familia Santuaren arteko kantoian, Karmengo Amaren hiribidean, Aldapetaren oinean… Azken hamarkadan, ordea, gelditzen ziren kale saltzaile apurrak desagertzen joan dira. Errelebo faltak hutsuneak utzi ditu hainbat txokotan. Beste batzuetan, aldiz, kioskoak hartu du mahai toleskorren tokia.
Bizi osoko lana
Kalean egunkariak saltzearena belaunaldiz belaunaldi familiako kideen artean oinordetza gisa utzitako ogibidea izan da. 1909an Santos Cadenas bederatzi urteko haurra zela hasi zen egunkariak saltzen. Garibai kalean izan zuen lehen postua, baina handik beste txoko batzuetara eraman zuen, 36 gerraren ondoren, 1940 urtea inguru, Easo plazan gelditu zen arte. Hala gogoratu du adin berarekin laguntzen hasi zitzaion Felix semeak. “Denbora-pasa zen. Ohiko bezeroei banatzen nizkien egunkariak. Garai hartan oihukatu egiten ziren egunkarien izenak, eta aita zen Donostia osoan ozenen egiten zuena”. Goizean goiz inprentetara joaten ziren egunkariak jasotzera, “aita bizikletan eta eskuko gurdiarekin joaten zen aleen bila. Gero, furgonetan ekartzen hasi ziren”. San Roque eta Autonomia kaleen bidegurutzean zegoen Guria taberna aurrean lanean aritutako urteen gogorrena baliabide eskasak eta eguraldia zirela zehaztu du Cadenasek. “Mahai txiki bat besterik ez genuen eta harakinak gauzak gordetzen uzten zizkigun. Euria egiten bazuen plastikoekin tapatzen genuen dena eta hotzari aurre egiteko kafesnea edo salda. Egun berean hiru aldiz arropaz aldatu behar izan dut euriak bustita!”. Agian horregatik, abantailak besterik ez dizkio ikusten kioskoari. Easo plaza berritu ondoren, 1996 urtea inguru, kioskoa jarri zuten kokaleku zaharretik oso gertu.
Egunkarien mundua odolean darama, hauek saltzeaz gain, tipografo gisa lan egin baitzuen La Voz de Españan. Hala ere, etorkizun laburra ikusten dio Cadenasek paperezko prentsari. “Egunkariak urte batzuk luzatuko dira, baina internetak irakurleak kendu dizkio. Guk egunean 300 bat egunkari gutxiago saltzen ditugula nabaritu dugu”. Galdutakoak berreskuratzeko balioko ez badie ere, Lazarragak eta Ruizek lana uzteak bezero berriak ekarri dizkie. “Baina gutxi, alde batera edo bestera joan eta parean topatzen dutenari erosten diote”, aipatu du Cadenasen suhia den Juanek. Bera eta Marta emaztea arduratzen dira egun kioskoaz.
Kalean emandako urte luzeetan “denetarik” ikusi du Cadenasek. “Geltoki okindegia lokal zaharrean zegoela, ogia, esnea… lapurtzen ikusi dut”. Diru eske ere joan zaizkiola gogoan du Cadenasen emazte Mari Carmenek. “15 pezeta uzteko eskatu ondoren, pareko saltzaileari egunkaria erosi ziola emakume batek. Beste batek bingoan galdutako 40.000 pezeta mailegatzeko eskatu zidan”.
Kioskoaren erosotasuna
12 urte besterik ez zituela hasi zen Adeli Tabernero lan honetan. Oporretan aitarekin batera aritzen zen Madril hiribidea eta Isabel II kaleen arteko kantoian eta ordutik besterik ez du egin. Berarekin egunkariak jasotzen zituen Mirakruz eta Moraza kalean. Handik Amarara joan, mahaiak jarri, egunkariak prestatu, saldu, eta amaitzean, dena berriro jasotzen zuten. Tabernerok ez du postua jarri eta kendu beharra lan gogorra bezala gogoratzen, egun baino salgai gutxiago baitzituzten. “Orduan egunkariak bakarrik saltzen genituen: Diario Vasco eta La voz de España besterik ez. Astelehenetan, La hoja de lunes, eta arratsaldetan, La Unidad».
Aita jubilatu zenetik, Jose Ramon Galiano bikotearekin partekatzen du Tabernerok zeregina. 1969tik salmenta gune izandakotik metro pare batera du kioskoa. Asko itxaron ondoren, 2005ean eman zieten hura jartzeko baimena, eta ez zaie damutu erabakia. Eguraldi txarraren eta haizearen kalteak ahazteak on egin die. “Egunak eta egunak zeuden eta azkenerako ohitu ginen, baina haize indartsuko egunetan… ezin zenituen gauzak jarri”, gogoratu du Galianok. Aldaketaren alde onen artean, aldizkari gehiago saltzeko aukera eta erosotasuna ere nabarmendu ditu bikoteak. Kalean egon behar izatea faltan bota ez arren, Galianoren ustez, “kalean saltzea girotsuagoa zen. Oinezkoek gehiago ikusten gintuzten eta hartu-eman gehiago genuen”. Hala ere, ordutik gelditu zaizkien ohiko bezero asko dituzte. Hauekin izandako gorabeherei buruz galdetzean, Tabernerok barre artean erantzun du “Kantoi horrek hitz egingo balu eta esandakoak kontatu banitu… aspaldi aberastu nintzen”.